Gizarte eta Euskara Zerbitzuek antolatuta, larunbata honetan, otsailak 20, sukaldaritza tailerra izanen dugu Uitziko elkartean (Larraun). Bertara Larraun ibarreko DBH 1, 2, 3 eta 4 ikasmailetako gazteak gonbidatuak daude. 16:30ean hasi eta 21:30 aldera amaituko da ekimen goxo hau.
Menua: pizza, patata amorratuak, eta hiru postre goxo izanen ditugu. Joan den ikasturtean Lekunberriko Kattagorri elkartean antolatu zen ikastaroa eta ederki pasa zuten gazteek. Aurten halaxe izatea espero dugu.
Mailope tokiko aldizkariak urteko batzarra eginen du datorren ostiralean, otsailak 12. Gain ordenean ditugu 2015eko kontu ekonomikoa eta 2016ko aurrekontua, iritzi/kritika bilketa, balorazioa... Jende berriaren ekarpena, bultzada, eskatzen da elkartetik. Hortaz, bilera irekia izanen da.
Eguna: Ostirala 12
Ordua: 19:00
Lekua: Beteluko Indianoetxea
Otsailaren 4a bueltan dugu eta, ohi bezala, Santa Agedaren bezperak ospatuko dira Euskal Herri osoko herrietan. Besteak, beste, Larraun eta Araizko haranetan entzun ahal izanen ditugu martiriari eskainitako koplak.
Bai Larraunen eta bai Araizko haranean ere, 17:00etan abiatuko dira kantuan eta bietan mokautxoa izanen da askaltzeko. Baserritar jantzia hartu, eztarriak berotu, eta konpainia ederrean igaroko dugu ostegun arratsaldea.
EUSKARAZ MINTZA proiektua Euskal Herriko hainbat ikastetxetan martxan ari da, Lekunberriko Ibarberri eskola horien artean dagoelarik. Helburu nagusia hizkuntza planaren barnean, ikasleek jolas tradizionalen bitartez gelatik kanpo euskara erabil dezaten lortzea dugu. Horretarako etxean eta lagunen artean barneratzen dituzten hizkuntza erregistroak eskaintzea da gure ekintzaren betebehar nagusiena. Hau dela eta, begirale bat zuen seme-alabekin jolasean aritzen da jolastorduetan irakasleekin koordinaturik.
Euskaraz Mintza tailerra, Lekunberriko spot-a: https://youtu.be/hHLOZjM8Rb0
Joan den, urtarrilaren 22an, ostirala, martxan jarri zen beste behin ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren hirugarren edizioa. Edizio hau martxoaren 19an amaituko da, Etxarri-Aranazko finalean. Bitartean, 23 saio antolatuko dira.
Antolatzaileen arabera, edizio honetan 16 taldek hartuko dute parte, guztira 121 parte-hartzailerekin. Horietatik 71 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, eta 20 kidek publiko aurrean lehenengoz kantatzeko pausua emango dute. Bardoek eskainiko duten saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.
Joan den ikasturtean hasi zen, Araitz eta Larraun bailaretako Mintzakideren bitartez, jarduera osagarriak antolatzen. Azkenekoa ardoaren sortze prozesua eta dastaketa azkar bat izan bazen, oraingo honetan euskal dantzen bi orduko tailerra izanen dugu protagonista.
Mikel Lasartek eskainia, datorren asteartean, otsailak 2, izanen dugu tailer labur hau: 17:00etan Lekunberriko Ibarberri eskolan. Sarrera irekia eta doakoa da, probestu aukera dantza erraz batzuk ikasten hasteko! Herriko neska-mutilek eskertuko dizute.
Datorren urtarrilaren 2an, larunbatean, Oneka Marrazoaren ikuskizunak Lekunberri bisitatuko du. Eguerdiko 12:00etan hasiko da ikuskizuna eta sarrerak salgai izanen dira herriko kiroldegian eta kultur etxean 3 euroko prezioan.
Familiarentzako ikuskizun hau, ederra izatearekin batera, euskalgintzako eragileentzako lagungarri ere bada. Iazko ikuskizuna eta DVDaren diru irabaziak Euskalerria Irratiari laguntzeko erabili ziren. Aurten, ordea, irratigintzatik paperera egin du salto elkartasunak: Mailope aldizkaria (hemen Euskalerria irratian aldizkariaren ibilbideaz egin laburpena).
Nafarroako toki entitateetako (udalak eta mankomunitateak batez ere) Euskara Zerbitzu askok 25 urte bete dituzte aurten. Egiari zor, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea 1989an sortu zen, Agoitz-Aezkoa, Antsoain, Atarrabia, Bortziriak, Lizarra, Malerreka, Sakana, eta Uharteren urte berean. Eta, hain zuzen ere, horiek izan ziren urterik oparoenak, 1989 eta 1991ren artean 16 euskara zerbitzu sortu baitziren (gaur egun 26 dira).
Urteurrena ospatzeko, eta euskara zerbitzuen lana, azaletik bada ere, azaltzeko, bi panel sortu dira. Bertan ikus liteke, batetik, gaur egun euskara zerbitzuek Nafarroako zein esparru hartzen duten eta, bestetik, eskematikoki Zerbitzu hauek egiten duten lanaren alderik ikusgarriena.