Otsailaren 4a bueltan dugu eta, ohi bezala, Santa Agedaren bezperak ospatuko dira Euskal Herri osoko herrietan. Besteak, beste, Larraun eta Araizko haranetan entzun ahal izanen ditugu martiriari eskainitako koplak.
Bai Larraunen eta bai Araizko haranean ere, 17:00etan abiatuko dira kantuan eta bietan mokautxoa izanen da askaltzeko. Baserritar jantzia hartu, eztarriak berotu, eta konpainia ederrean igaroko dugu ostegun arratsaldea.
Araizko ibarrean, aurten Gaintzako eliza atarian dugu hitzordua 17:00etan. Zabale baserritik abiatuko gara eta bost bat geldialdi eginen ditugu. Bosgarren mailako ikasleek bertso batzuk prestatu dituzte eta aurten kopla bat gehiago abestuko da (umeek ikasia dute jada). Haurrak eskolan dituzten baserrietatik eginen da ibilaldia eta 18:15 aldera herriko elkartean eginen da askaria. Hemen aurreko urteetako Santa Ageda bezperen bideoa youtuben: https://youtu.be/2UvBgz3TZtQ
Larraun eta Lekunberrin aldiz, 17:00etan abiatuko da Lekunberriko herriko plazatik. Alde zaharra eta Aralar kalean joan-etorria egin eta gero, herriko plazan amaituko da herriko ibilbidea. Ondoren, 19:00ak aldera, mokautxoa hartuko dugu jubilatuen elkartean eta 19:30 aldera Iribasera abiatuko da. Amaitzeko, 20:30 aldera Baraibarren abestuko litzateke. Ohiko kantuekin batera bertso eskolako zenbait kidek koplak ere abestuko dituzte.