Goiburuko tituloa

Euskara eskualdean

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak bere baitan hartzen duen lurraldea oso zabala da. Iruñetik 15 kilometrora dugu Ostitz, eta, beste muturrean, Hernanitik bertan eta Gipuzkoako mugan, Arano. 12 udalerri, eta 68 herri. Pentsa litekeen moduan, egoera soziolinguistikoa oso aldakorra da, eta oso egoera ezberdinak ditugu bertan. Euskara nagusi den herri erabat euskaldunak ditugu mutur batean, eta erdara nagusi den herriak bestean.

Ezberdintasun horiek gorabehera, eta salbuespenak salbuespen, esan liteke oro har oso eskualde euskalduna dugula, eta euskararen presentzia eta erabilera ere handia dela. Euskara, bistan da, bertako hizkuntza da, egunerokoa, ohikoa, eta zenbaitetan baita nagusi ere. Hizkuntza bizia da, beraz, eta hainbat erabilera esparrutan baita hizkuntza nagusia ere. Ez da, ordea, hizkuntza erabat normalizatua eta, bistakoa denez, bizitza publikoko eta pribatuko hainbat espazio gaztelaniarekin banatuta dauzka. Batzuetan nolabaiteko orekaz, eta beste zenbaitetan modu erabat desorekatuan. Oro har herri euskaldunak eta Nafarroako nahiz Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa izanagatik, ezin esan euskararen osasuna bete-betekoa denik.

Herri eta egoera asko ditugunez, zaila da eskualdeko argazki orokorra egitea. Informazioa, beraz, xeheago emanen dugu, eskura ditugun datu ofizial eskasak hona ekarriz. Egin dezakegu, nolanahi ere, euskararen diagnostiko orokor bat, denentzat balio lezakeena: eskualdeko egoerarik onenetik hasi eta eskaseneraino joanda, gure herri guztietan euskara bizirik dago eta presentzia nabarmena dauka, baina denetan gaztelania ere indartsu dago, eta, Euskal Herriaz esan litekeen modu berean, ezin esan euskarak inon epe luzera etorkizuna erabat bermatua duenik. Gure herri guztietan dauzka euskarak irabazi beharreko espazioak, eta normalizazioan aurrera egiteko beharra. Hori bai, oro har, euskara berreskuratzeko lanaren abiapuntua ona dela esan liteke, eta Euskal Herriko nahiz Nafarroako eskualderik euskaldunenetakoa dugula gogoan izan behar dugu.

Abiapuntu horrek, eta herritarrek euskararekiko duten atxikimendu nabarmenak, aurrera begirako itxaropena piztu eta euskarri sendo bat ematen digute. Aldi berean, ordea, azken urteotan gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa azkarrek eta etorkizuneko agertokiekiko ziurgabetasunak zenbait zalantza eragiten dituzte, eta gure eskualdean ere euskararen geroarekiko kezka sortzen dute.