Joan den, urtarrilaren 22an, ostirala, martxan jarri zen beste behin ere Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren hirugarren edizioa. Edizio hau martxoaren 19an amaituko da, Etxarri-Aranazko finalean. Bitartean, 23 saio antolatuko dira.
Antolatzaileen arabera, edizio honetan 16 taldek hartuko dute parte, guztira 121 parte-hartzailerekin. Horietatik 71 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena, eta 20 kidek publiko aurrean lehenengoz kantatzeko pausua emango dute. Bardoek eskainiko duten saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.
Gure eskualdeari dagokionez, bi Bardo talde ditugu: Leitzako Atekaberts eta Araitz-Larraungo Bi dozena. Azken hauek "famatu" egin dira lehen saioko aurkezpenarekin, ikusi bestela Berriako albisteko argazkia.
Bi taldeen hurrengo saioak urtarrilaren 31n (Atekaberts, Lesakako Arrano elkartean 12:00etan) eta otsailaren 5ean (Bi dozena, Alliko ostatuan -Larraun-, 20:00etan) izanen dira.
Honekin batera, aipatu eskualdeko hiru udalek laguntzen dutela ekonomikoki Bardoak ekimena: Leitza, Larraun eta Lekunberri.