Nafarroako toki entitateetako (udalak eta mankomunitateak batez ere) Euskara Zerbitzu askok 25 urte bete dituzte aurten. Egiari zor, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea 1989an sortu zen, Agoitz-Aezkoa, Antsoain, Atarrabia, Bortziriak, Lizarra, Malerreka, Sakana, eta Uharteren urte berean. Eta, hain zuzen ere, horiek izan ziren urterik oparoenak, 1989 eta 1991ren artean 16 euskara zerbitzu sortu baitziren (gaur egun 26 dira).
Urteurrena ospatzeko, eta euskara zerbitzuen lana, azaletik bada ere, azaltzeko, bi panel sortu dira. Bertan ikus liteke, batetik, gaur egun euskara zerbitzuek Nafarroako zein esparru hartzen duten eta, bestetik, eskematikoki Zerbitzu hauek egiten duten lanaren alderik ikusgarriena.
Joan den astera arte, erakusketa Leitzaldean izan da ikusgai eta momentu honetan Lekunberriko Mitxausenea Kultur Etxean topatuko duzu. Datozen asteotan IparMank osatzen duten udaletan barrena bidaiatuko du erakusketak. Ez galdu ikusteko aukera!