Iturria: www.uema.org
UEMAko ordezkariek agerian utzi dute hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela Nafarroan. “Legeakdioena Nafarroako Gobernuak ez du betetzen. Hor dira Behatokiaren, Arartekoaren edota Europako Kontseiluaren txosten ugari. Bistan da Nafarroako Gobernuak Legearen irakurketa murritza eta atzerakoia egiten duela. Dekretu bidez legearen garapena murriztu nahi izan da, eta erabakiak bultzada politiko bati erantzuten dio, eta ez inolako irizpide teknikori.”
2014ko abenduaren 26an, Leitzako zinean, Leitzako herria eta herritarrak protagonista izanen dituen lehiaketa bat eginen da. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko euskara zerbitzuak egindako proposamen batetik, ekimen hau aurrera aterako zuen lantaldea osatu dute zenbait herritarrek, eta herriaren inguruko ezagutza eta herria ezagutzeko gogoa bultzatu nahi dituen ekimena sortu da.
Abenduaren 26ko ekimena, zehazki, lehiaketa bat izanen da. Leitza izanen da lehiaketako gaia, eta tartean galderak eta probak eginen dira. Ikuskizun entretenigarria eta dibertigarria izanen da, zalantzarik gabe, eta zinean eginen da, 22:30ean.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak badauka Bertsolaritza irakaskuntzan izeneko programa bat, Nafarroako hainbat eskolatara eramaten duena. Orain arte Leitza-Goizueta-Areso-Arano eskualdeko eskolen artean Leitzakoan eta Goizuetakoan gauzatzen zen, Leitzan urtero eta Goizuetan bi urtean behin. 30 ordukoa izaten zen lehen, eta 15 ordukoa da orain, azken urteotako murrizketen ondorioz. Eskola ordutan ematen da programa 5. edo 6. mailako ikasleen artean, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza ematen zaie ikasleei, eta bertsogintza lantzen dute klasean.
Aurten aldaketa bat egin da programa horren inguruan, eta Aresoko eskolan ere ematen hasiko dira. Aurrerantzean, beraz, Goizuetan bezala, Areson ere bi urtean behin eginen da, eskolako maila altuenak elkartuta. Programa honek gure eskualdeko euskara mankomunitatearen dirulaguntza jasotzen du.
Garikoitz Goikoetxea
Iturria: berria.eus
Euskarazko hezkuntza jomugan jarri du berriro ere Nafarroako Gobernuak: eskolako liburuen kontrako neurriak iragarri ditu. «Legez kanpokotzat» jo ditu 22 liburu; euskarazkoak dira denak, Euskara eta Literatura ikasgaikoak. Argudioa, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren ahotan: «Nafarroaren errealitate instituzionalera eta curriculumera ez dira egokitzen liburu horiek». Argudioa, iruditan: Euskal Herri osoa ageri duten mapak, Nafarroa barruan dela. «Doktrinatzailea da». Euskara ikasgaian ere ezin da azaldu Euskal Herria, Iruñeko gobernuaren arabera. Liburuak erretiratzeko agindu die, hortaz, ikastetxeei.
2013-2014 ikasturtean Leitzan irakurle talde bat osatu eta martxan jarri zen. Ikasturte osoan zehar elkartu da taldea —hamabost bat lagun—, hilean behin saioak eginez, eta egindako balorazio positiboaren ondorioz 2014-2015 ikasturtean ere elkartzen eta funtzionatzen jarraituko du. Lehendabiziko ikasturtean jarritako egutegiarekin eta ordutegiarekin jarraituko du, alegia, hilero elkartuko da, bigarren asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean.
Ikasturtean zehar saio pare bat eginen da hautatutako liburuaren egilea bertan dela. Horietako lehendabizikoa urrian bertan izanen da, eta Eider Rodriguez idazlea Leitzara etorriko da, irakurle taldeko kideekin batera Haragia liburuaz solasaldi bat egiteko.
Irakurle taldea irekia da eta herritar guztiek har dezakete parte. Izena emateko ez da deus ordaindu behar, eta euskara zerbitzuan (948 510814 edo laga@iparmank.org) edo liburutegian (948 510379 edo biblioteca.leitza@cfnavarra.es) egin daiteke.
Iturria: www.uema.org
UEMAk eskuratu berri ditu Nafarroako errenta aitorpenaren gaineko datuak. Oraindik “gutxi” dira errenta aitorpena egiten dutenak, baina urtez urte gero eta gehiago dira hautu hori egiten duten herritarrak.
Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak euskara ikasten aritu direnentzako beka deialdia egin zuen abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran. Laguntza eskatzeko epea bukatu da dagoeneko, eta gure eskualdeko 46 herritarrek egin dute eskaera. Eskaera egin eta baldintzak betetzen dituzten eskualdeko ikasle horiei matrikularen erdia ordainduko zaie, eta ikasturtean zehar langabezian egon direnei matrikula osoa.
Lohizune Amatria
Iturria: www.berria.eus
Nafarroan euskaraz bizitzeko nahian urratsak egiteko egitasmoa abiatu du Kontseiluak Nafarroan: 'Hamaika egun' kanpaina. Ekitaldia egingo dute Anaitasunan, apirilaren 25ean.
"Hamaika bizipen bizi ditu euskaraz bizi nahi duenak. Oraintxe bertan, heldu aroan euskara ikasteko grina duten milaka lagun ari da Euskal Herri osoan euskaltegietan izena ematen euskaraz bizitzeko. Nafarroan, urtero 6.000 lagunek baino gehiagok egiten dute urrats hori", azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Gaur eman du Hamaika egun kanpainaren berri, Kontseiluko kide diren erakundeetako ordezkariekin.