Nafarroako Bertsozale Elkarteak badauka Bertsolaritza irakaskuntzan izeneko programa bat, Nafarroako hainbat eskolatara eramaten duena. Orain arte Leitza-Goizueta-Areso-Arano  eskualdeko eskolen artean Leitzakoan eta Goizuetakoan gauzatzen zen, Leitzan urtero eta Goizuetan bi urtean behin. 30 ordukoa izaten zen lehen, eta 15 ordukoa da orain, azken urteotako murrizketen ondorioz. Eskola ordutan ematen da programa 5. edo 6. mailako ikasleen artean, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza ematen zaie ikasleei, eta bertsogintza lantzen dute klasean.

Aurten aldaketa bat egin da programa horren inguruan, eta  Aresoko eskolan ere ematen hasiko dira. Aurrerantzean, beraz, Goizuetan bezala, Areson ere bi urtean behin eginen da, eskolako maila altuenak elkartuta. Programa honek gure eskualdeko euskara mankomunitatearen dirulaguntza  jasotzen du.