1994. urtean martxan jarri zenez geroztik, urtero-urtero berritzen dira eskualdean banatutako Bai Euskarari Ziurtagiriak. Ziurtagiriaren Elkarteak teknikari bat bidaltzen du ziurtagiria duten entitate guztietara, hartutako konpromisoen gaineko ebaluazioa egitera eta hurrengo urratsak zein izan litezkeen aztertzera, normalizazioaren bidean aurrea egiteko. Bi teknikari ari dira Leitza, Goizueta eta Aresoko entitateak bisitatzen, eta datozen asteotan konpromisoak eta ziurtagiriak berritzeko eta horren gaineko gogoeta egiteko unea izanen da, duela urte batzuk hasitako bidean aurrera egiteko.
Maiatzean, urtero-urtero, kultur aro interesgarria antolatzen du Leitzako Kultur Taldeak. Aurten ere halaxe egin du, eta ekitaldi eta jardueraz ederki osatutako hilabetea izanen da maiatzaren 14an hasi eta ekainaren 14a bitartekoa. Denetik izanen da bertan: hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, ibilaldiak, azokak, mahai-inguruak, umeentzako jarduerak… Ekintza horiek guztiak webgune honetako agendan ikus daitezke.
Iturria: www.behatokia.org
Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Gasteizen. Garbiñe Petriati zuzendariak bere alboan izan du Murgiako Mertxe Iturrate bere esperientzia kontatzen. Izan ere, herritarrek egiten duten lanari esker administrazioek urratsak ematea lor daitekeela agerian geratu dela esan du Petriatik eta Murgian gertatutakoa da horren lekuko. Behatokiaren lana, herritarren bizipenetan oinarritzen da, hauek Euskararen Telefonoaren bitartez egiten dituzten, kexek, zoriontzeek... osatzen dute aipatu txostena. www.behatokia.org webgune berritua ere aurkeztu dute agerraldian.
Haurrekin euskaraz jostatzeko eta ikasteko baliabide berri bat argitaratu da duela gutxi, eta dagoeneko zabaltzen hasi da gure eskualdean. Nafarroako mendialdeko hainbat kantu eta kontu bildu ditu Xaldun Kortin izeneko argitalpenak, paperean, DVDan eta CDan emanak, familian ikasi, erabili eta gozatu ahal izateko.
Iturria: www.uema.org
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991. urtean sortu zen. Aulesti, Dima, Etxebarria, Gatika, Munitibar, Nabarniz, Lizartza, Ikaztegieta, Orendain, Baliarrain, Altzo, Abaltzisketa, Errezil, Aizarnazabal, Zaldibia, Leaburu, Muxika, Urdiain eta Arbizuko udalek sortu zuten mankomunitatea, eta bertan, biztanleen %70 gora euskaldunak ziren udalerriak biltzen ziren.
UEMA hiru helburu nagusiren baitan sortu zen, urte haietan, bizi zen errealitate soziolinguistiko, soziokultural eta sozioekonomikoari erantzunez adostu ziren. Helburu horiek oraindik ere mankomunitatearen helburuak izaten jarraitzen dute.
iturria: berria.info (2014-04-27)
Irudia: Iñigo Uriz. Argazki press
Nafarroako Gobernuaren «azken erasoa» salatu dute herritarrek karrikan. Administrazioan Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeek elkarretaratzea egin zuten atzo, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrean (NUP). Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko oposizioak egin zituzten atzo, erakunde horren egoitzan. Ingelesez dakienak %10 igo ahal izanen du azterketan lortutako puntu kopurua. Euskaraz dakienak, berriz, ez du inolako saririk jasoko. Puntu bakar bat ere ez.
Iturria: www.berria.info
Sarean da jada .eus domeinua duen aurreneko webgunea: Domeinuak.eus. Sustatzaileek bideo bat sareratu dute bertan, eta jakinarazi apirilaren 26an emango dutela egitasmoaren inguruko informazio zabalagoa.
Iazko ekainaren 14an onartu zuen ICANNek .eus domeinua. Interneten euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinu izateko aurkeztu zuten proiektua orain sei urte.
".eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako bitarteko bat gehiago izango da, Internet oinarri izango duena. Izen bat, ikur bat, sareen sarean euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna eta bere komunitatearen aitorpena ekarriko duena", adierazi zuten elkarteko kideek proiektua aurkeztu zuten egunean.
Euskarak eta euskal kulturak lehen mailako domeinua lortu zuten (TLD, Top Level Domain). Bi eratako lehen mailako domeinuak daude, estatu kodeak eta orokorrak; .eus domeinu orokorra izango da, eta, orokorren barruan, hizkuntzari eta kulturari lotutako domeinu babestua. Mota horretako domeinuek komunitateak babesten dituzte.
iturria: www.uema.org
V. mapa soziolinguistikoa osatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, lau gune soziolinguistiko ezarri zituen biztanleriaren euskaldunen ehunekoaren arabera. Honako hau da banaketa:
- Lehen gune soziolinguistikoa. Biztanleriaren % 20 baino gutxiago da euskalduna.
- Bigarren gune soziolinguistikoa. Biztanleriaren % 20-50 bitartean da euskalduna.
- Hirugarren gune soziolinguistikoa. Biztanleriaren % 50-80 bitartean da euskalduna.
- Laugarren gune soziolinguistikoa. Biztanleriaren % 80 edo gehiago da euskalduna.