iturria: berria.info (2014-04-27)
Irudia: Iñigo Uriz. Argazki press
Nafarroako Gobernuaren «azken erasoa» salatu dute herritarrek karrikan. Administrazioan Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeek elkarretaratzea egin zuten atzo, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrean (NUP). Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko oposizioak egin zituzten atzo, erakunde horren egoitzan. Ingelesez dakienak %10 igo ahal izanen du azterketan lortutako puntu kopurua. Euskaraz dakienak, berriz, ez du inolako saririk jasoko. Puntu bakar bat ere ez.
Euskaldunon aurkako oposiziorik ez. Euskaraz bizi lelopean egin zuten elkarretaratzea. Ingelesak hamar puntu, eta euskarak bakar bat ere ez duela balio salatu dute deitzaileek unibertsitate atarian, bertze pankarta batean. Protestara deitu zuten bi taldeek, hain zuzen, langile publikoek euskaraz hitz egiten jakin beharraren alde egin dute: «Euskarak nahitaezko behar du euskal administrazioetako lanpostu publikoak lortzeko orduan. Bestela, ezinezkoa izanen da herritarrek bermatu ahal izatea administrazioarekin, bai eta haien egunerokoan ere, euskaraz bizitzeko duten eskubidea».
UPNren gobernuak ez dio puntu bakar bat ere ematen euskarari A eta B mailako bere oposizioetan. Iaz, bi pertsonak egoera horren aurkako helegitea jarri zuten administrazioaren aurrean, egindako lan deialdi publikoen harira. Nafarroako Gobernuaren erantzuna isiltasuna izan zen, eta, ondorioz, herritarrek Arartekoarengana jo zuten.
Arartekoaren txostena
Arartekoak auzia ikertu du, eta bere ondorioak jarri ditu mahai gainean. Argi eta garbi mintzatu da Javier Eneriz arartekoa egindako txostenean: nabarmendu du euskara hemengo bertako hizkuntza dela, bai eta ofiziala ere, eta, ondorioz, atzerriko hizkuntzei baino puntu gehiago eman behar zaizkiola.
Nafarroako Gobernuak jaramonik ez duela egin salatu dute Administrazioan Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek. «Gobernuaren euskararen aurkako erasoek ez dute etenik», erantsi dute.
Oposizioetan euskarari punturik ez ematea eraso horien adibide bat bertzerik ez dela gaineratu dute bi taldeek, eta agerian utzi dute bertze hainbat esparrutan ere gertatzen direla. Euskarazko hedabideak laguntzarik gabe utzi izana edo gobernuak euskaltegiei zor dien dirua eman ez izana aipatu dute, adibidez. Euskalerria Irratiaren auzia ere gogora ekarri dute, baimenik ez baitu oraindik ere, epaileek hainbat aldiz Nafarroako Gobernuaren jarduera okerra izan dela erran duten arren. D ereduaren aurka izandako erasoak salatu egin dituzte, halaber. Eta eraso horien aurka, «erroko aldaketa» eskatu dute Nafarroan.