Haurrekin euskaraz jostatzeko eta ikasteko baliabide berri  bat argitaratu da duela gutxi, eta dagoeneko zabaltzen hasi da gure eskualdean. Nafarroako mendialdeko hainbat kantu eta kontu bildu ditu Xaldun  Kortin izeneko argitalpenak, paperean, DVDan eta CDan emanak, familian ikasi, erabili eta gozatu ahal izateko.

Argitalpenak Labrit Multimediak eta Euskokultur Fundazioak Nafarroan bildutako ahozko ondarea erabili du, eta bilketa lan horretan jasotako hainbat kantu eta kontu ekarri ditu liburura, DVDra eta CDra. Aurkezpen ekitaldian azaldu zen moduan “Abestiak, ipuinak eta bestelakoak berregin ditugu. Asmatu ez, jaso eta grabatu baino ez. Eta gainera, gaztelaniaz eta frantsesez azpitituluak jarri dizkiogu».

Diskoan kantuak eta ipuinak biltzen dira. Liburuan, berriz, euskarazko tradiziotik hartu diren material horien inguruko  hainbat azalpen ematen da. DVD bat ere bada, eta horretan antzezpenak, abestiak, karaokeak eta bestelakoak jaso dira, jostatzeko eta ikasteko prozesua laguntzeko.

Argitalpena egiteko prozesuan eragile askok parta hartu dute. Labrit Multimediak eta Euskokultur Fundazioak hainbat urtetan bildutako ahozko ondarea eskaini dute, Nafarroako hainbat eskolek ere parte hartu dute, baita Bortzirietako bertso eskolak, Elizondoko abesbatzak, Aralar Musika eskolak eta Porrotxek ere. Guzti horiekin batera Nafarroako udal euskara teknikarien sareak ere ekarpena egin du irizpideak eta aholkuak emanez eta materialak landuz.

Xaldun Kortin erosi egin daiteke eskualdeko liburu-dendetan eta www.xaldunkortin.com webgunean. Horretaz gain, udaletako euskara zerbitzuek aurrerantzean jaioko diren haurren gurasoei ere banatuko diete.