Iturria: erran.eus
Ttipi-Ttapa 2019-12-11 15:51
Nafarroako 14 emakumek euskararen alde egindako lana goraipatu eta plazaratzeko, Hemen baditun 14 erakusketa osatu du Iruñeko Udalak. Tartean dira Leitzako Mikela Labaien, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola eta Pakita Zabaletari buruzko aipamenak. Atzo, abenduaren 10ean ireki zuten erakusketa eta ekitaldia baliatuta protagonistei eta, zendu direnenen kasuan, senitartekoei oroigarri bat eman zieten. Abenduaren 20ra arte bisitatu daiteke erakusketa Iruñean Kondestablearen jauregiko bigarren solairuko patioan.
erran.eus hedabidean albistea osorik
Xabier San Sebastian musikariak kontzertu ederra eskaini du Leitzan, abenduaren 5ean, Atekabeltz gaztetxean. Bertan zirenek emankizun bikain batez gozatu ahal izan zuten, ordubete pasatxo iraun zuen kontzertuan. Xabier San Sebastian musikaria bere gitarrarekin aritu zen, eta Satxa Soriazuk lagundu zion teklatuarekin emanaldia osatzen.
Kontzertua Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko euskara zerbitzuak antolatu du, Amazabal Institutuan Nafarroako Gobernuak sustatuta gauzatzen ari den Musikariak ikastetxeetan programarekin koordinatuta. Programa horren bitartez euskaraz ari diren sortzaileak ikastetxeetara joaten dira ikasleekin sorkuntza lanaz eta musikaz hitz egitera, eta bisita hori baliatu da, hain zuzen ere, herrira etorritako artistarekin kontzertu ireki bat egiteko. Helburua, besteak beste, euskarazko sorkuntza eta euskal artisten lana sustatzea, laguntzea eta zabaltzea.
Azaroaren 23an Arnasa Gara egitasmoaren bigarren aurkezpena egin da eskualdean. 16an leitzan egin zen, eta ondoren Goizuetan. Eskolako jangelan bildutako 25 lagunek egitasmoaren inguruko azalpenak eta argibideak entzun zituzten eta, horrekin batera, abendutik aurrera EITBren plataforma digitaletan ikusgai egonen den KARTZELA webseriearen bi kapitulu ikusi zituzten.
Emanaldia eta aurkezpena interesgarria izan zen, arnasguneetako herritarrengan kontzientzia pizteko eta arnasgune hauen garrantziaz ohartarazteko beste urrats bat. Arnasguneak zer diren, zergatik diren hain garrantzitsuak, zer ematen dioten euskarari, zein den haien egitekoa... Horiek eta antzeko beste ideia batzuk agertu eta azaldu ziren emanaldian.
Azaroaren 16an, larunbatean, Arnasa Gara egitasmoaren aurkezpena egin da Leitzan. Eguraldi ezin petralagoaren gainetik, Leitzako euskaltzale talde bat eskolako jangelan elkartu da, eta arnasguneen inguruko azalpenak eta argibideak entzuteaz gainera, Kartzela izeneko webserieko bi atal ikusteko aukera izan dute.
Bi atal horiek ikusteaz gain, bestalde, sail horretan parte hartu duten bi aktoreren azalpenak ere entzun dituzte bertaratuek. Eta horiena entzun ondoren, gogoeta eta eztabaida interesgarri bat ere egin da eskolara etorritako guztien artean, arnasguneek duten esanahiaz eta garrantziaz.
Azaroaren 23an izanen da eskualdeko hurrengo aurkezpena, Goizuetako eskolako jangelan, arratsaldeko 7etan.
Euskara Mankomunitateak, urtero egiten duen moduan, diru-laguntza emanen die Bai Euskarari Ziurtagiria duten Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko eragile edo establezimenduei. Laguntza horren bitartez, Ziurtagiria eskuratuta euskararekiko konpromisoa hartu eta urratsak egiten dituzten eragileak lagundu nahi ditu Mankomunitateak.
Diru-laguntza deialdi honen arabera, ziurtagiria eskuratu dutenek agiri horren kostuaren % 50a jaso ahalko dute, betiere gehienezko 50 euroko mugarekin. 800 euroko partida bat onartu zuen Mankomunitateak, eta eskaerak kopuru hori gaindituko balu, proportzionalki banatuko litzateke. Laguntza jasotzeko, eskatzaileak eskari-orri bat bete behar du, eta ziurtagiriaren ordainketa egin izanaren agiria.
2018. urtean, esate baterako, Leitza, Goizueta, Areso eta Arano eskualdeko 15 eragile edo establezimenduk egin zuten laguntza jasotzeko eskaria, eta 50na euroko laguntza eman zitzaien denei.
Duela egun batzuk UEMAk “Arnasa gara” kanpaina aurkeztu zuen. Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmendu nahi du kanpainak, eta horretarako herritarrek ere horren kontzientzia hartzea bilatuko du.
Kanpainaren aurkezpenean azaldu zenez, eta UEMAren webgunean irakur daitekeenez, “UEMA eta 3ko Ituna (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa) dira kanpainaren sustatzaile nagusiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartuko duten 22 udalerriekin batera.”
Bada, Leitza eta Goizueta izanen dira kanpaina horren barruan ekitaldi bereziak eginen dituzten herrietako bi. Leitzan azaroaren 16an izanen da, 19:00etan, eskolako jangelan. Goizuetan azaroaren 23an eginen da ekitaldia, hori ere 19:00etan eskolako jangelan.
Ekitaldi horietan ‘Arnasa gara” kanpainaren mezua eta edukia azalduko dira, eta aurrerago EiTBk zabalduko duen serie digitaleko pare bat kapitulu ere ikusiko dira.
Euskaltzaleok, beraz, eta herritarrok oro har, hitzordu interesgarri eta garrantzitsu bat daukagu egun horietan gure bi herriotan.
Argibide gehiago hemen
Euskaraldia ekimen eta ariketa arrakastatsua izan zen Euskal Herri osoan, eta milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aktibatzea lortu zuen, baita gure eskualdeko herrietan ere. Ekimen arrakastatsua izaki, aurrerantzean ere bide horretan jarraitzea erabaki zuten antolatzaileek eta 2020. urtean berriz eginen da.
Heldu den urteko ekimen hori prestatzeko lanak, nolanahi ere, aurten bertan hasiko dira, eta Euskaraldiak egin du dagoeneko Nafarroako lehendabiziko aurkezpena, Iruñean, Katakraken egoitzan. Hortik aurrera, Nafarroako hainbat herritan aurkezpen saioak, ahalduntze/prestakuntza saioak, ekitaldi publikoak eta makina bat gauza eginen dira.
Gure eskualdera ere, jakina, iritsiko da ekimena, eta herri batzuetan dagoeneko hasi dira Euskaraldia landuko duten lantaldeen lehendabiziko bilerak antolatzen: Leitzan urriaren 2an eginen da lehendabiziko bilera, Goizuetan urriaren 3an, Arriben urriaren 8an, Lekunberrin urriaren 16ean...
Lana izanen da, horrenbestez, eta nahi duen orok izanen du modua laguntzeko eta parte hartzeko, lantaldeak irekiak baitira. Arrakastatsua izan zen 2018ko Euskaraldia, hala izan dadila 2020. urtekoa ere.