Osasun zerbitzuetan herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko eskaera aspaldikoa da. Gure eskualdeko udalek eta mankomunitateek, urteen joan-etorrian, hamaika aldiz eskatu diote Nafarroako Gobernuari osasun zerbitzuetan euskararen erabilera eta presentzia berma dezala, aitortuta dauzkagun hizkuntza eskubideak bete daitezen.
Denborak aurrera egin du eta, 2022. urtean, oraindik ere osasun zerbitzuetan euskarazko arreta erabat bermatu gabe dago.
Egoerak konpondu gabe jarraitzen duela ikusirik, eta herritarron hizkuntza eskubideak oraindik ere ez direla bermatzen kontuan hartuta, eskaera zehatz bat egin dute hainbat toki entitatek, eta gutun bat bidali diote horretarako Osasun kontseilariari, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.
Gutunean honako eskaera hau egin zaio Nafarroako Gobernuari:
(irakurtzen jarraitzeko, klikatu albistearen izenburuan)
1.- Gure herriotako herritarrei osasun zerbitzuak ematen dizkieten lanpostuak ele bikoak izatea: batetik, OOLTkoak (administrari, administrari laguntzaile, erizain, mediku, larrialdietako mediku, pediatra, gizarte-langile, fisioterapeuta) eta, bestetik, sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentrokoak (administrari, emagin, ginekologo eta osasun hezitzailea). Lanpostu horiek plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela.
2.-Lanpostu horietan C1 ezagutze maila eskatzea.
3.-Ele biko lanpostuen ordezkoetan langile elebidunak egon daitezela bermatzea.
Gure eskualdeari dagokionez, honakoak dira gutuna sinatu duten udal eta mankomunitateak: Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Araizko Udala; Aranoko Udala; Aresoko Udala; Basaburuko Udala; Imozko Udala; Goizuetako Udala; Larraungo Udala; Leitzako Udala; Lekunberriko Udala; Odietako Udala eta Ultzamako Udala