2016ko ekainaren 29an iragarri zen 2016ko Etxepare sariaren irabazlea                                        Antsoaingo Udaletxean. Isaak Martínez eta Liébana Goñiren Zerua Gris Dago obra saritu zuen aurtengo edizioak, lehiaketan parte hartu zuten 23 lanen artetik; eta, orain, Pamiela argitaletxeak argitaratu du. 

OBRA

 

Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa kontatzen du obra honek. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. 

2016ko Etxepare sariaren epaimahaia Patxi Zubizarretak, Mikel Valverdek eta Yolanda Arrietak osatu zuten, eta, besteak, beste honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

·         “Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.”

·         “Zerua gris dago lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, poliki eta kontu handiz, elur maluta elurtzara erori ohi den eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan.”

·         “Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”

·         “Zerua gris dago lanak elurraren isiltasun mutuan murgiltzen gaitu, gainerako doinuak aditzeko. Elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko.”

·         “Irudiak oso aberatsak dira erabilitako kolore zein testuraregatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Xehetasun horiek guztiek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarriago bihurtu historia. Gainera, planoak aldatzen direnez, erritmoari esker, irakurlearen arreta mantentzen da.”

·         “Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, ipuineko bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”