Joan den azaroaren 20an "Zergatik ez?" tailerra burutu zen Araizko Satorzulo elkartean. Bertan, 7 gaztek euskararen erabilera sozialari buruz hausnartzeko aukera izan zuten. Topaguneak eskainitako saio honetan Mikel Ozaita izan genuen gidari eta parte hartzaileen interesaren lekuko hemen dituzue egin zituzten zenbait balorazio:
Batetik, aipatu dute tailerraren bitartez euskararen eta honen testuinguruaren berri jaso dutela, mundu mailan zein norberaren egunerokoan ere: "Munduko hizkuntzen egoeraren berri eduki eta bai mundu mailan eta gure inguruan euskararena aztertu", "Euskera gehiago ezagutzea" edo "Egunerokoan eman daitezkeen egoera desberdinei buruz".
Ezagutza hutsetik harago, harridura eta beste maila bateko hunkidura ere adierazi dute batzuek, "Pentsatzen ez ditugun alderdi asko erakutsi", "Begiak zabaltzen dizkizu eta gauzak birplanteatu arazi", "Beste ikuspegi bat ematen du" edo "Kontzientzia zabalarazi dit".
Azkenik, tailerrak ere balio izan die jarrera edo ohiturak aldatzeko beharra ikusteko: "Lehen pausu hori beti euskaraz emateko" edo "Nire euskararenganako ikuspegia eta ohiturak aldatzen saiatu araziko dit. Inguruko egoera aztertuz."