Ainara Arratibel Gascon. BERRIA (2013-09-25)
Estatuaren abokatuak helegitea jarri du euskarari lehentasuna emateko hartutako neurrien kontra
Espainiako Estatuaren abokatuak Zarauzko Udalaren kontra egin du, euskarari lehentasuna emateko onartutako hizkuntza irizpideen ondorioz. Irailaren 5ean egin zuen. Hain zuzen, atzo hasi zen Zarauzko Udala herritarrekin harremana euskara hutsean izaten.
Otsailaren 27ko osoko bilkuran onartu zituen hizkuntza irizpide horiek. Alderdi guztiek babestu zituzten, PPk izan ezik. Horren arabera, udalak euskaraz lan egiteko borondatea berretsi zuen. Besteak beste, euskara lehenetsi zuen herritarrekin harremanak izateko orduan eta kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeko beharra jaso zuen.
Urtarrilaren 30ean Gipuzkoako 36 udalek irizpide horiek ezartzeko azaldutako konpromisoa bete zuen horrela Zarauzko Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urtebete hasitako bidearekin bat egin zuten. Gari Berasaluze Zarauzko Euskara zinegotziak argi utzi zuen zein zen helburua. «Euskaldunek bigarren mailako herritar izateari utziko diote erabaki honekin».
Zarauzko Udala ez da Estatuaren abokatuak auzitara eraman duen lehen udala. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijoren eskariz, Anoetako eta Lezoko udalek hartutako erabakiei jarri zien helegitea lehenbizi. Estatuaren abokatuaren arabera, euskarari lehentasuna emanez legea urratu zuten bi udal horiek. Epaileak tramiterako onartu zuen helegitea.
Hala, hogei eguneko epea eman zien agiriak bidaltzeko, eta agindu jakin bat eman zien: agiriak gaztelaniaz bidaltzeko, legeak horretara behartzen zituela ohartaraziz. Ondoren, Zestoako Udalaren kontra jo zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak babesa eta elkartasuna azaldu zieten udal horiei, eta gogorarazi zuten hizkuntza irizpide horiek ezartzea zilegi dela. Euskararen aurkako «eraso politikotzat» jo zuten helegitea jarri izana.