Iaz izandako gorabehera tekniko batzuen ondoren webgunea eguneratu beharraz jabetu zen Mankomunitatea. Alderdi teknikoari dagokionez, baita edukiei dagokionez ere. Beraz, webgunea bera berritu egin da, azalean (itxuran) eta mamian.

Zenbait arrazoi dela medio, www.iparmank.eus webgunea berritzeko eta eguneratzeko unea iritsi da. Azken urteotan webgunea, gehienbat, ekimen jakin eta zehatz batzuen berri emateko eta ekimen batzuetan izen-ematea egiteko edo parte-hartzea antolatzeko erabili da, baita Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen berri emateko ere. Arazo teknikoak konponduta, webgunea berritu eta eguneratu egin dugu.

Webguneko egiturako zenbait atal bere horretan mantendu da, beste batzuk egokitu egin dira, eta bada desagertu den atalen bat ere. Mantendu diren horietan ere edukiak berritu eta egokitu egin dira.

Gaurkotu da www.iparmank.eus webgunea, beraz, eta tresna egokia izanen da Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen berri izan nahi duen ororentzat, baita Mankomunitatearen jarduera batzuk kudeatzeko ere (diru-laguntzak, izen-emateak…), edota euskaraz bizitzeko baliabideak aurkitzeko, horien zerrenda ere eguneratu baita eta eguneratzen jarraituko baitugu.

Webgunea zertan den jakiteko modurik onena, nolanahi ere, bertan sartu eta atalez atal begiratzea da. Horixe da proposamena, beraz, eta horretara gonbidatuta zaude.