Gotzon Hermosilla Bilbo

Iturria: www.berria.info

Kontseiluak egindako azterketaren arabera, hamar enpresatik zazpik ez dute betetzen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen inguruko dekretua.



Datuak bat datoz Jaurlaritzak emandakoekin.



Elkarlanerako deia egin diete erakundeei

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko 123/2008 dekretuaren betetze maila baloratu zuen joan den astean Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak. Gauza bera egin zuen atzo Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Bi metodologia desberdin erabili dituzte dekretua noraino betetzen den neurtzeko: telefono bidezko inkesta egin zuen Jaurlaritzak; enpresetara joan ziren Kontseiluko kideak egoera bertatik bertara ikustera. Kasu bietan, baina, emaitzak «berdin-berdinak» izan dira, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez: dekretua ez dira betetzen ari. Kontseiluaren ikerketaren arabera, hamar enpresatik zazpik ez dute betetzen.

.../...

2003an onartu zuten EAE Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea. Lege horretan aitortu egin zituzten herritarren hizkuntza eskubideak kontsumoaren esparruan, eta eskubide horiek babestu eta garatzeko dekretu bat lantzea aurreikusi zuten. 2008ko uztailean iritsi zen dekretu hura.

2010ean, PSE-EE agintean zegoelarik, zerbitzuak euskaraz ematen hasteko dekretuan agertzen ziren epeak urtebetez luzatzea erabaki zuen Jaurlaritzak. Azkenik, 2012an dekretua aldatu zuten PSE-EEk, PPk eta UPDk, eta euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen zituzten enpresentzako zigorrak kendu zituzten arautegitik.

Denborak arrazoi

Orain, legea onartu zenetik hamabi urte igaro diren honetan, segitzen dute kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak behin eta berriro urratzen, Jaurlaritzak zein Kontseiluak egindako azterketek frogatzen dutenez. Bere garaian, zigorrak kendu zituztenean eta legea urratzeak ondoriorik ez zuela ekarriko ikusi zutenean, hori gerta zitekeela ohartarazi zuen Kontseiluak: «Zehapenik gabeko dekretua homilia bat baino ez da, diskurtso hutsa», esan du Bilbaok. Diotenez, denborak arrazoia eman die.

Bilbaok gogoratu du dekretuaren balorazio positiboa egin zutela argitaratu zutenean: «Dekretua bera egitea onuragarria iruditzen zitzaigun, epe zehatzak ezartzen zituelako, eta, hizkuntza eskubideak urratuz gero, horrek zehapenak izango zituela zehazten zuelako». Baina dekretua betetzen ez zuten enpresentzako ondorioak kendu zituztenean, horrek ekarri zuen «legea betetzea ala ez enpresentzat berdin» izatea. «Boluntarismoaren esku utzi zuten guztia, eta ondorioek erakutsi dute boluntarismoak ez gaituela inora eramango», esan du Bilbaok.

Gogoratu du dekretua egiteko oinarritzat hartu zituzten ereduek —Kataluniakoak eta Quebecekoak— argi zehazten dutela zein ondorio izango duen hiztunen hizkuntza eskubideak urratzeak. Era berean, nabarmendu du Espainiako legediak 500 arau baino gehiago dituela gaztelaniaren erabilera derrigortzeko arlo sozioekonomikoan eta bestelakoetan. «Batzuk izutu egiten dira euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartu behar direlako, eta horiek arau batean jaso», argudiatu du Bilbaok. «Bada, gaztelaniaren erabilera legez arautzen dute, derrigortzeko. Guk ere badugu eskubidea produktu eta zerbitzuen inguruko informazioa gure hizkuntzan jasotzeko».

2008ko dekretuan, bete beharreko neurriak, horietara egokitzeko epeak eta, bete ezean, horrek ekarriko lituzkeen ondorioak zehazteaz gain, diru laguntzak ere ezarri zituzten, enpresentzat euskalduntzeko bidea samurragoa izan zedin. Bilbaok azaldu duenez, laguntza horietako batzuk ezarritako xedeak lortzeari lotuta zeuden, baina alor horretan ere salatu ditu zehapenak kentzearen ondorioak: kontsumitzaile euskaldunak «babesgabe» daude laguntza jaso duten enpresek euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen dituztela bermatu ahal izateko.

Gai horren inguruan Kontseiluak egiten duen bigarren azterketa da orain aurkeztutakoa, eta, denbora tarte horretan, enpresa handiek euskaldunei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta informazioetan ez da inolako aldaketarik izan. «Hobeto esanda, aldaketa bat egon da», zehaztu du Bilbaok. «Alegia, zehapenak kendu egin dituztela. Eta horrek ondorio garrantzitsua ekarri du: hizkuntza eskubideen urraketa; berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarren nahia kontuan ez hartzea. Hori larria da, herritarren eskubideez ari garelako».

Bidea, elkarlana

Kontseiluak pentsatzen du «urrats ausartak egiteko garaia» dela, eta bide bat proposatu dute horretarako: elkarlana. «Instituzioen eta euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, hurrengo azterketa egiten dugunean egoera irauli dela ikusiko badugu», adierazi du Bilbaok.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sinetsita dago hizkuntza berreskuratzeko prozesuak «politikoa eta soziala» behar duela eta, hortaz, denen beharra duela, zein bere arlotik, nork bere funtzioa betez. Arlo politikoan, Kontseiluak uste du dekretua aldatu egin behar dela, eta zehapenak berreskuratu behar direla; halaber, kontratazio irizpideetan hizkuntza aintzat hartzea eta ezarritako neurriak betearaztea galdegin du.

Euskalgintzak ere badu zeregina, Kontseiluaren aburuz: «Guri dagokigu herritarrak aktibatzea, urrats sendoagoak egin daitezen». Bilbaok iragarri du aste honetan bertan bilera egingo dutela Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, datuez eta horien inguruko azterketaz hitz egiteko. «Egoera aldatuko badugu, lan uztartua egin behar dugula pentsatzen dugu».