Myriam Aranburu 2014-07-29

Iturria: www.berria.eus

Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok Gipuzkoako 59 udalen eta hiru erakunderen aurka egin du azken urtean, hizkuntza irizpideak direla eta. Guztira, 80 informazio eskaera edo errekerimendu egin ditu, 25 salaketa jarri ditu epaitegietan, eta zazpi auzi eskaera egin ditu. Lan kontratuetan euskara irizpideak jartzeagatik egin ditu auzi eskaerak, eta informazio eskaera eta errekurtso gehienak ere horregatik egin ditu. Bizkaian ere horrelako erabakien aurka jo du Urkijok, hala nola Ondarroan eta Erandion.

2012an iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara hizkuntza nagusia izateko neurriak hartuko zituela. Aldundiaren asmoarekin bat egin zuten herrialdeko 36 udalek, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Urola Kostako Udalen Elkarteak. Helburua zen euskarak tokia izatea erakundeen ardurapeko lanetan eta zerbitzuetan. Horregatik, kontratu publikoetan hizkuntza irizpideak ezarri zituzten: lehiaketetara aurkezteko, hizkuntzari dagozkion irizpideak ere bete behar zituzten enpresek. Hala, enpresen esku uzten zituzten obretan eta zerbitzuetan euskararen erabilera bermatu nahi zuten udalek, herritarren hizkuntz eskubideak ere bermatuz. Erabakiak, ordea, hautsak harrotu zituen, eta iazko urtearen hasieran Urkijo ikertzen hasi zen neurriak legezkoak ziren edo ez.

Udalak, auzitara

Espainiako Gobernuko ordezkariak Anoetako eta Lezoko udalei jarri zizkien lehenengo helegiteak, legea urratu zutelakoan euskara irizpideekin. Aldundiak helegite horiek bertan behera gelditzea lortu zuen. Zarauzko Udalak jaso zuen hurrengoa helegitea, baina hori ere bertan behera gelditu da. Udalei egindako auzi eskaeretatik, gaur-gaurkoz, hiru udalen aurkako auzi eskaerak daude indarrean: lan kontratuengatik Lasarte-Oriako Udalaren kontrakoa, hizkuntza irizpideengatik Tolosako Udalaren aurkakoa, eta diru laguntzengatik Errenteriako Udalaren aurkakoa. Administrazio publikoen hizkuntza irizpideak arautzen dituen neurriak kentzeko eskatu zion Urte hasieran gobernuko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aldundiak 2009an hartu zuen erabaki hori, eta garbi utzi zuen ez zuela aldatuko jarrera.

Euskararen ofizialtasuna

Hakoba Eusko Jaurlaritzaren Herri Erakundeak Koordinatzeko Batzordea bihar bilduko da gaia aztertzeko. Egin izan dituzte bilerak, baina bihar mahai gainean jarriko dute hizkuntza politika horien inguruan sortutako gatazka. Orain arte egindako informazio eskaerak, salaketak eta auzi eskaera gehienak kontratazioetan jarritako hizkuntza irizpideen ingurukoak izan dira; baina orain, BERRIAk jakin duenez, beste lau esparrutara behintzat ari dira zabaltzen informazio eskariak eta salaketak: hizkuntza irizpideetara, diru laguntzetara, erabilera planetara eta elebitasun eskaeretara —euskaraz soilik idatzita dauden testuak ele bitan jartzeko eskatzen hasi da Urkijo—.

Udalek eta erakundeek erabilitako hizkuntza irizpideak epaitegietan babestu ahal izateko, txosten baten beharra dago. Horregatik, udalek Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote txosten juridiko bat egiteko eta defendatzeko euskara hutsean aritzeko aukera; Jaurlaritzak ez baitu horrelako txostenik egin oraingoz.

Jaurlaritzak pauso bat ematea nahi dute udalek eta aldundiak: koordinazio plan bat martxan jartzea erantzun bateratu bat emateko. Hau da, udal batek erabakitzen badu bere harremana instituzioekin euskara hutsean egitea, udal horrek azalpenak «bakarrik» eman behar ez izatea; gainerako udalen eta erakundeen babesa izatea. Erantzun bateratu bat emateko orduan hura koordinatzeko eta antolatzeko beharra ikusten dute. Urkijoren eskakizunak jaso dituzten udaletako eta erakundeetako ordezkariek uste dute euskararen ofizialtasunaren alde egiteko bidea oztopatzen dutela Espainiako Gobernuaren erabaki horiek.