Euskadiko kutxak bere sareko kutxazainetan berriki egindako azterketa batek erakutsi du UEMAko udalerrietako herritarrak direla kutxazain automatikoetan euskara gehien erabiltzen dutenak.

 

 

Euskadiko Kutxak hainbat herritako kutxazainetako erabiltzaileek zein hizkuntza erabiltzen duten begiratu du, eta behaketa horretatik zerrenda bat osatu du, euskara gehien zein herritan erabiltzen den erakusten duena. Zerrenda horretako lehendabiziko 9 postuetan ageri diren herri guztiak UEMAko herriak dira: Antzuola, Usurbil, Etxarri-Aranatz, Oiartzun, Lesaka, Zumaia, Leitza, Azpeitia eta Lekeitio.

Tartean dago Leitza, beraz, gure eskualdeko herria. Zazpigarren postuan agertzen da, hain zuzen ere, % 37,52ko ehunekoarekin. Alegia, Leitzako kutxazainean neurtutako 3.321 eragiketetatik 1.246 (ia 10etik 4) euskaraz egin dira. Zerrendako lehen postuan ageri den herriak, Antzuolak, % 44,23ko ehunekoa ematen du.

Datu interesgarria da neurketa honek eman duena, urtez urte ziur asko haziz joan dena, baina badauka euskarak oraindik,  bistan denez, tarte handi bat hazten jarraitzeko, baita herri euskaldun hauetan ere.