Gure eskualdean Arano, Araitz, Basaburua eta Leitzako udaletxe atarietan bildu ziren herritarrak euskararentzat arnasa, lege-babesa eta justizia eskatzeko
UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu diote presazko deialdiari, eta kalera atera ziren, larunbatean, bateko eta besteko udaletxeen aurrean. Tokian tokiko euskara elkarteen eta milaka herritarren babesa izan dute, eta azken epaia salatzeko kartelak erakutsi dituzte, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.
Deialdiarekin bat egin duten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie UEMAk, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu du: "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diran milaka herritarrei".
Argazki bilduma