UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bere eguna ospatu zuen azaroaren 8an Aramaion. 1991an sortu zen UEMA, hasieran 17 udalek osatuta. Aurten Aramarion egindako ekitaldian Baztango eta Segurako Udalak sartu dira Mankomunitatean, eta dagoeneko 71 udal dira euskaraz lan egiteko eta herritarrei euskarazko zerbitzua emateko erabakia eta konpromisoa hartu dutenak.
Eguraldi txarrak lagundu ez zuen arren, iragarri bezala UEMAk bere eguna antolatu eta ospatu zuen Aramaion. Aramaio da mankomunitateak Araban duen herri bakarra, eta lehenago ere bertan ospatua zen egun hau.
UEMAren egunean festa giroko hainbat ekitaldi antolatzen da, bazkaria barne, baina eguneko jarduera nagusia UEMAko ordezkariek egiten duten batzarra eta ondorengo ekitaldi irekia dira. Aurtengo edizioan bi udal berri sartzea onartu zuen UEMAk, eta erabaki horren ondorioz Segurako eta Baztango udalak dagoeneko erakundeko kide dira.
Ekitaldian, besteak beste, Aramaioko Alkateak eta UEMAko lehendakari Miren Belastegik hartu zuten hitza, eta agintari politikoei euskararen aldeko konpromiso argia eskatu zieten. UEMAko herriak euskararentzat arnasgunea dira, eta horrek duen garrantzia aitor dadila eskatu zuen lehendakariak. Horretaz gain, euskararen normalizazioan egiten ari diren bidean askotan arazoak eta oztopoak aurkitzen dituztela ere salatu zuen, lege bidezkoak maiz, eta horiek denak desagertu daitezen eskatu zuen.
UEMAk gogoeta prozesu sakona egin du azken aldian, baita zenbait barne egokitzapen ere, eta bere apostua sendoa da etorkizunari begira. Gero eta gehiago dira mankomunitatean sartu diren udalak, eta gero eta onartuagoa da euskararen arnasguneek euskararen normalizazioan duten eta izanen duten garrantzia.