SALTO! Gazte Topaketak antolatu ditu UEMAk, gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko. Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da.
Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta amaitu berri den ikasturtean UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkun-tzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu aurten lehen aldiz UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izango dira, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketetan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.
Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburuetako bat, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin. Maddi Gallastegi UEMAko hezkuntza teknikaria izango da topaketen koordinatzailea.
Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimen hau.
Informazio zehatza honako diptikoan: ###MAILA###files/Salto-diptikoak.pdf