Uda aldean Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen proposamen baten ondoren, Nafarroako hainbat udalek eskaera idatzi bana egin zioten Nafarroako Gobernuari SIUSS programa euskaraz ere eskain zezan. Udazkenean jakinarazi dute Nafarroako Gobernuaren ordezkariek programa euskaratzera bidalita dagoela.

 

SIUSS (Sistema de Información de Usuarios de Servicios Sociales) programa informatiko bat da, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak  egina. Aurten programa horren bertsio berri bat egin da toki-entitateetako gizarte zerbitzuetan jartzeko asmoz. Oinarrizko tresna da, izan ere, zerbitzu horientzat.

Bertsio berrian programa gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez erabil daiteke, ez ordea euskaraz. Hori ikusita Nafarroako hainbat udalek, tartean gure eskualdekoek, eskaera zehatza zioten Ministerioari. Eskaera Nafarroan programa kudeatzen duten arduradunei bidali zitzaion eta, esan bezala, onartu egin da eta une honetan programa euskaratzen ari dira:

Honela zioen, zehazki, Leitza, Areso, Arano eta Goizuetako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskaerak:

1.- Leitza, Goizueta, Areso eta Arano udalerrietan euskara hizkuntza ofiziala da, eta hala aitortzen du Nafarroako Legebiltzarrak 1986an onartutako 15/1986 Euskararen Legeak. Euskarak, horrenbestez, maila ofizial osoa dauka gure herriotan.

2.- Gure lau udalerrietan herritarren % 90etik gora euskalduna da, eta euskara da, hain zuzen ere, ohiko hizkuntza udalerriko bizitza sozialean.

3.- Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Udalek, eta baita udal horiek osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, euskara normalizatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko oso ahalegin handia egin dute eta egiten ari dira azkeneko hamarkadetan, eta ahalegin hori beren eguneroko jardun osoan egiten ari dira, barruko nahiz kanpoko harremanak barne.

4.- Gure Mankomunitatearen helburua da, besteak beste, euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea. Hori hala izanen bada, ezinbestekoa da lanean erabiltzen ditugun baliabideak, baita tresna informatikoak ere, horretarako egokituak egotea. Are gehiago gure eguneroko lanean funtsezkoak eta pisuzkoak diren programak, SIUSS delakoa den moduan.

Hori hala izanik, honakoa da gure eskaera:

Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren  Sistema de Información de Usuarios de Servicios Sociales (SIUSS) programa informatikoak euskarazko bertsioa ere izan dezala, gaztelaniaz, galizieraz eta katalanez duen bezala.