Irailaren 28an Soraluzen ospatuko den TopaEguna aurkeztu dute Donostian Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak





 

Deba bailarako euskara elkarteek eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako egunaren aurkezpenean Arrate Gisasola Pil-Pilean elkarteko eragileak eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak parte hartu dute, eta beraiekin batera izan dira Soraluzeko alkate Hiart Arluziaga eta Kukumixo asialdi taldeko Goretti Goiogana ere.

TopaEguna Euskaltzaleen jaieguna izatea nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Egunak, euskaltzaleen ekarpenaren eskertze eta aldarrikapena izan nahi du, baina baita ospakuntza ere, Euskal Herri osoan zehar, elkarteetan antolatuta dauden euskaltzaleen festa eguna, elkar ezagutza eta trukerako eguna.

TopaEguna ospatzeko Soraluze aukeratu izana ez da kasualitatea izan, Jasone Mendizabalen hitzetan. Izan ere, Deba bailarako euskaltzaleak aitzindari izan dira beti euskara elkarteen mugimenduan eta oraingoan ere, Deba ibaitik egin diote Euskal Herri osoari bertaratzeko gonbitea.

Soraluzeko herritarrek TopaEgunean hartu duten funtzioa ere nabarmendu dute Hiart Arluziaga Soraluzeko alkateak eta Goretti Goiogana Kukumixo aisialdi taldeko kideak. Soraluzeko herritarrek beti izan dute lotura handia euskaltzaletasunarekin eta auzolanarekin, eta TopaEgunaren bi ardatz nagusiak horiek izango direla kontuan hartuz, herriko hainbat erakunde eta eragilek hartuko dute parte egunaren antolakuntzan (asialdi elkarteak, elkarte gastronomikoek, herriko eskolak, musikariek eta gazte taldeek, besteak beste).

Egitarauak adin guztientzako eskaintza izango duela azaldu du Arrate Gisasolak. Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko seietatik aurrera egingo da, bertan Euskal Herri osoko euskaltzaleen topaguneetako ordezkariek parte hartuko dutelarik. Hortaz gain, aisialdiko eskaintza (umeen hiria, hezitzaileen jolasak, berbaprobak, Irrien Lagunak,…), kultur eskaintza (Xero Xiette taldearen erromeria, Kokein eta Gose taldeen kontzertua, bertsolariak, andrabanda feminista,…) eta herri bazkaria antolatu dira. Gainera, Jon Sarasuak irailaren bukaeran argitaratuko duen liburu berriaren aurkezpena egingo du Kultur Etxean.

Xero Xiette taldeak prestatu du egunerako kantua.

Euskal Herriko Euskaltzale guztiei egin diete dei antolatzaileek irailaren 28an Soraluzen bildu daitezen.