Arantxa Agirrek, Irune Alkortak eta Maialen Gonzalezek irabazi dute KALE EDO BALE...BALIKEBALE lehiaketaren 3. edizioa. Finala talde arrosaren kontra jokatu zuten eta 10 galderatatik bakarra huts eginda lortu zuten garaipena talde urdineko 3 neskek.
Bigarren geratu ziren Markel Barriola, Manex Moreno eta Martxel Intsausti talde arrosako kideak. Talde morea hirugarren postuan geratu zen, Saioa Sagastibeltza, Jokin Sagastibeltza eta Eneritz Astibia alegia, eta laugarren izan ziren talde berdeko Pakitto Sagastibeltza, Mari Jose Larrea eta Oihana Saenz.
Oso arrakastatsua izan da aurtengo edizioa ere. Leitzako zine aretoa jendez bete zen, ia sarrera guztiak salduta. 2 orduko ikuskizun ederra eta entretenigarria izan zen, ikusleak parrez lehertu ziren lehiaketako hainbat probetan. Emanaldi umoretsua izan zen, baina era berean lehiaketa didaktikoa ere bazen, herriko ezagutza izan baitzuen oinarri: Leitzako baserri, etxe, paraje, esamolde, hitz eta gertaeren inguruko galderak erantzun eta hainbat proba gainditu behar izan zituzten 12 lehiakideek. Parte-hartzaileek ikasteaz gain, bertaratutako 330 lagunek ere herriko ezagutza jaso zuten modu batera edo bestera. Esan liteke, beraz, lehiaketak duen helburua bete dela, hein batean behintzat.
Sariei dagokienez, parte-hartzaile guztiek jaso zituzten sariak baina potoloena irabazleentzat izan zen: 450€-ko txekea, Argiñano jatexean otordua, Zumaiako Santa Klara nekazaletxean asteburua, Dantxarinean izanen den XIII. Kantu Zaharren Egunerako sarrerak eta herriko produktuz osatutako sorta ere jaso zuten.
Gainerako lehiakideentzat ere izan zen saririk: Alex Mujika jatetxean, Casa Julian jatetxean eta Olaizola Sagardotegian otorduak, Leitzako komertzioek osatzen duten KAXKABELTZA elkarteak emandako 150€-ko opari txartela bertako dendetan gastatzeko, Aiako Sagarmaneta nekazaletxean asteburu pasa, 4 ARO liburuaren 3 ale, Jaso Ikastoako ikasleek antolatzen duten "Batek daki!" musikalerako sarrerak, Aurreraren eskutik LEitzako inauterietako herri-bazkarirako txartelak, KATEZ Leitzako musika taldeko CD eta kamisetak eta herriko produktuz osatutako sorta.
Ikusleen artetik ere izan zen zortedunik, 3 ikuslek opari bana jaso baitzuten galdera bana erantzunda. Oparia honako jatetxeetan bina lagunentzako otordua: Goizuetako Oxeguardan, Ezkurrako Hostal Ezkurran eta Berastegiko "Arregi"-Kakonean.
Lehiakide, ikusle eta antolatzaileak denak pozik eta gustura aurtengo BALIKEBALE ere oso ongi joan delako eta berriz ere, arrakastasua izan delako.