Euskara hizkuntza bizia bada ere, garatzeko eta biziberritzeko bistako zailtasunak dauzka. Nafarroan ere, bistan denez, hainbat oztopori egin behar izaten dio aurre. Egoera zail horri aurre egiteko, eta euskara indartzeko eta normalizatzeko dauden oztopoen gainetik euskararen aldeko bultzada berpizteko eta laguntzeko, Sorionekuak ekimena sortu zen duela hilabate batzuk, eta lanean ari da azken aldi honetan.

Sorionekuak ekimenak honela aurkezten du bere burua: "‘Sorionekuak’ euskararen aldeko dinamika herritarra da; guztiok gara sorionekuak. Eta, batez ere, sorionekuak dei bat da: euskaren aldeko deia, eskubideak errespetatzearen aldekoa, herritar guztien berdintasunaren aldekoa, harrotasuna zabaltzekoa."

Dei bat da, beraz, herritar guztiei eguten zaiona, euskararen aldeko urratsak egiteko. Dei hori manifestu batean jasoa dago, hainbat ekimen egin da eta egiten ari da lurralde osoan barna, eta ekimena borobiltzeko ekainaren 10erako mobilizazio handi bat egiteko deialdia ere egina dauka.