Etxepare sariaren aurtengo edizioa izan da orain arteko arrakastatsuena eta emankorrena. Izan ere, 35 lan aurkeztu dira, inoiz baino gehiago.

Aurtengo irabazleak Sandra Garayoa eta Itziar Otegi izan dira, eta 5.000 euroko saria eskuratu dute. Sandra Garayoa donostiarra da, eta une honetan hainbat album ilustraturen proiektuetan murgilduta dabil. Itziar Otegi, berriz, oiartzuarra da, lanbidez itzultzailea eta interpretea. Hauxe izan da haurrentzat idatzi duen lehen ipuina.

Saria irabazi duen lanari dagokionez, Lorerik Gorriena du izenburu, eta gaur emandako prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi duten moduan “Gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…”

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du 2020ko udazkenean.