Otsailaren 7an hasiko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren bigarren edizioa. 16 taldek hartuko dute parte, eta horietako lau gure eskualdekoak dira: Leitzako bi talde eta Larraungo eta Araitz-Betelu-Larraungo bana.

Otsailaren 7an eginen du Leitzako Harrapazank taldeak (Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi) lehendabiziko saioa Arbizun, otsailaren 8an Larraungo Paalletan Mocedades taldeak (Arkaitz Goikoetxea, Julio Soto, Joana Ziganda, Luis Mari Larreta) Iruñean, eta egun berean ariko dira Araitz-Betelu-Larraungo Maillopetarrak taldekoak (Oskar Estanga, Aritz Saragueta, Aitor Irastortza) Txantrean. Leitzako beste taldea, Beti berandu… ta gauz onik ez!, (Ander Fuentes “Itturri”, Mikel Azpiroz, Iñigo Sagastibeltza), otsailaren 15ean hasiko da lehian, Otsagabian.

Bardoak taldekako ekimena duela bi urte sortu zen, eta orduan izan zuen arrakaata ikusita, Bertsozale Elkarteak ekimenarekin jarraitzea erabaki du. Ekimenaren inguruko informazio eguneratua www.bertsozale.com webgunean egonen da eta, bestalde, Bertsoa.com atarian ere saioetako bideoak ikusgai jarriko dituzte.

Bertsozale Elkarteak emandako argibideak dira honakoak, ekimenaren berri xehetua ematen dutenak:

Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimena, indartsu ailegatu da bigarren ediziora. Nafarroako inoizko bertsolari kopururik handiena aterako da plazara hurrengo bi hilabeteotan herrialde osoan antolatu diren mota guztietako bertso saioetan.

Lehen edizioak erakutsi zuen moduan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko eta disfrutatzeko aukera ematen du taldekako txapelketa honek, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, gune berrietara zabaldu eta bertsolaritza gozamen gisa eskainiz.

Esperientzia eta ibilbide handiko zein bertsolari hasi berriekin batera, aurkezleek eta ordezkariek osatuko dituzte taldeak. Bertso-eskoletatik abiatuta Nafarroako bertsolaritza eta bertsozaletasuna indartzeko eta  zabaltzeko proiektua izanik, taldean oinarritzen den ekimena da, eta txapelketa gisan antolatuta badago ere, lehia ez da alde nagusia. Auzolana du oinarri Bardoen ekimenak, bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskainiz.

Ezaugarri nagusiak

  • Datuei erreparatuta, Bardoak 2014k abiapuntu ikusgarria du: 16 taldek hartuko dute parte, 110 parte-hartzailerekin. Guztira, 60 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Eta saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.
  • Lehen fasea otsailaren 7tik otsailaren 23ra bitarte jokatuko da, 16 saiorekin. Bigarren fasea berriz, martxoaren 7tik martxoaren 30era, 6 saio antolatuz. Eta finala, apirilaren 12an.
  • 16 talde parte-hartzaileak 5 ligaxkatan banatuta egongo dira. Honela, talde bakoitzak bere ligaxkako bi talderekin egingo ditu saioak, bat “etxean” eta bestea “kanpoan”. Bigarren fasera, ligaxka bakoitzeko talde bana pasako da (F ligaxkatik bi talde, ikus dokumentuaren bukaera), guztira sei talde. Biko multzotan, joan-etorriko saioak antolatuz, finalerako hiru talde sailkatuko dira.
  • Finala salbu, saioak elkarte girokoak izango dira, kalitatezkoak, hurbilak, gozoak eta berritzaileak. Kasu gehienetan saio horiek, bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira.
  • 2012an bezala, talde lana izango da ekimenaren oinarria. Gutxienez bost partaide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria. Hortik aurrera, nahi adina kide. Taldeak halaber, eskualdekako bertso-eskolen arabera osatu dira.
  • Hori dela eta, talde lana da bertsolariek saioetan egin beharko dutena, denen artean banatu beharko baitituzte egin beharreko ariketak. Ibilbide luzeko bertsolariak zein hasi berriak nahastuta, taldeak izango du garrantzia.
  • Epailetza sistemari dagokionean, ez da bakarkako txapelketako sistema erabiliko. Lehen faseko saio bakoitzean, beste ligaxka bateko talde bateko bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe, soilik ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horiekin batera, entzuleek ere saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izanen dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.
  • Talde bakoitzak gutxienez bi saiotan kantatzeko ardura izango du, bai eta etxeko saioa antolatzearena zein berau aurkeztearena. Honekin batera, beste ligaxka bateko saio baterako gaiak prestatuko dituzte taldeek eta saio batean epaile lanak egingo dituzte.

Finala

Lesakako frontoian jokatuko da Bardoak 2014ko finala, apirilaren 12an. Bigarren fasetik sailkatutako hiru taldeak arituko dira kantuan, guztira bederatzi bertsolari.

Arratsaldeko saioa izango bada ere, egun osoko besta eguna bihurtuko da. Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bilakatu da, eta, Leitzan lehen edizioan gertatu zen bezala, Bardoak 2014ko final honek ere lehiaz harago dagoen bertsolaritzaren festa handia izaten segitu nahi du,.

Web gunea

Bardoak 2014 Nafarroako taldekako bertsolari txapelketaren informazio osoa eta eguneratua (parte-hartzaileak, saioak, albisteak, sarrerak nola eskuratu, saioetako argazkiak…) www.bertsozale.com atarian egonen da. Horrez gain, sare sozialetan ere (Facebook eta Twitter) aurtengo edizioaren xehetasun guztiak emango dira. Bertsoa.com atarian ere saioetako bideoak izanen dira ikusgai.

Babesleak

Saioak antolatuko diren herri eta bailaretako Udalek babestu dute proiektua, hala nola, edizio honetako babesle izango dira Lesakako Udala, Berako Udala, Leitzako Udala, Baztango Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Etxarri Aranazko Udala, Araitz-Beteluko Udalak, Arbizuko Udala eta Larraungo Udala.

 

LEHENENGO FASEA: OTSAILAREN 7tik 23ra

Otsailak 7, ostirala

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, 19:30ean, bertso-saioa

Zortziko haundiena (Eneko Fernandez, Iban Garro, Josu Sanjurjo, Maddalen Lopez) – Xirristi Drimtim (Martin Azpiroz, Xabier Zarraluki, Mikel Xabier Juaniz, Migel Anjel Ortiz de Guzman)

Zubietako estalpean, 20:00etan, bertso-merendua

Etxeko kontuk (Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Amaia Elizagoien) – Mirristi Drimtim (Xabier Terreros, Unai Uberetagoena, Asier Saragueta)

Erratzuko Zubipunta ostatuan, 21:00etan, bertso-merendua

Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera (Kotte Plaza, Jon Barberena, Oier Amiano, Xabier Maia)– Barardoak (Mikel Lasarte, Ainara Ieregi, Sarai Robles, Manex Mailharin)

Arbizuko Argibide elkartean, 22:00etan, bertso-saioa

Bizkorratxiko (Joxema Leitza, Joseba Beltza, Saats Karasatorre, Aitor Zubiria) – Harrapazank (Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi)

 

Otsailak 8, larunbata

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, 19:00etan, bertso-merendua

Bertze maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika, Oscar Sanz de Acedo) – Paalletan Mocedades (Arkaitz Goikoetxea, Julio Soto, Joana Ziganda, Luis Mari Larreta)

Txantreako Auzotegi Kultur Etxean, 19:00etan, bertso-merendua

12 obario eta 11 pedrada (Erika Lagoma, Haizea Beruete, Saioa Alkaiza, Irati Majuelo) – Mailopetarrak (Oskar Estanga, Aritz Saragueta, Aitor Irastortza)

 

Otsailak 14, ostirala

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, 20:00etan, bertso-merendua

Mirristi Drimtim (Xabier Terreros, Unai Uberetagoena, Asier Saragueta) – Bilixkorriko (Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte, Unai Artieda)

Berako gaztetxean, 21:00etan, bertso-merendua

Bordboiak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru, Jokin Pinatxo) – Bertze maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika, Oscar Sanz de Acedo)

 

Otsailak 15, larunbata

Otsagabiako Gartxot elkartean, 16:30etan, bertso-merendua

Xirristi Drimtim (Martin Azpiroz, Xabier Zarraluki, Migel Anjel Ortiz de Guzman, Mikel Xabier Juaniz) – Beti berandu… ta gauz onik ez! (Ander Fuentes “Itturri”, Mikel Azpiroz, Iñigo Sagastibeltza)

Leitzako Aurrera elkartean, 18:00etan, bertso-saioa

Harrapazank (Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi)– Miluzeko barañetak (Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea, Iker Mundiñano)

Gaintzako elkartean, 19:00etan, bertso-merendua

Mailopetarrak (Oskar Estanga, Aritz Saragueta, Aitor Irastortza) – Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera (Kotte Plaza, Jon Barberena, Oier Amiano, Xabier Maia)

 

Otsailak 21, ostirala

Barañaingo Haizea elkartean, 19:00etan, bertso-merendua

Barardoak (Mikel Lasarte, Ainara Ieregi, Sarai Robles, Manex Mailharin) – 12 obario eta 11 pedrada (Erika Lagoma, Haizea Beruete, Saioa Alkaiza, Irati Majuelo)

Uitziko Merkualde elkartean, 20:00etan, bertso-merendua

Paalletan Mocedades (Arkaitz Goikoetxea, Julio Soto, Joana Ziganda, Luis Mari Larreta) – Bordboiak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru, Jokin Pinatxo)

Etxarri-Aranazko gaztetxean, 22:00etan, bertso-saioa

Bilixkorriko (Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte, Unai Artieda) – Etxeko kontuk (Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Amaia Elizagoien)

 

Otsailak 22, larunbata

Leitzako Atekabeltz gaztetxean, 18:00etan, bertso-merendua

Beti berandu… ta gauz onik ez! (Ander Fuentes “Itturri”, Mikel Azpiroz, Iñigo Sagastibeltza) – Zortziko haundiena (Eneko Fernandez, Iban Garro, Josu Sanjurjo, Maddalen Lopez)

 

Otsailak 23, igandea

Barañaingo Haizea elkartean, 19:00etan, bertso-merendua

Miluzeko barañetak (Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea, Iker Mundiñano) – Bizkorratxiko (Joxema Leitza, Joseba Beltza, Saats Karasatorre, Aitor Zubiria)

 

  • Bigarren faseko saioak lehen fasea amaituta jakinaraziko dira. Sei talde pasako dira eta sei saio eginen dituzte martxoaren 7tik 30era.
  • Hortik hiru talde pasako dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den finalera.