Urtzi Urkizu
Iturria: www.berria.info
Lanpostu elebidunak sortzeko eskariaren aurka egin dute UPNk eta PPNk, eta abstenitu egin da PSN
Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen atzo osasun etxeetan eta liburutegietan hainbat lanpostu elebidun sortzeko eskaria egiten zuen mozioa. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako eskaerari jarraituz aurkeztu zuten mozioa Aralar-NaBaik eta Bilduk. Aurreneko puntuan parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen zion eremu euskalduneko osasun etxeetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzeko. Lehentasuntzat jotzen zen eskakizuna pediatrei, medikuei eta jendaurrean lan egiten duten langileei egitea. Mozioaren aurreneko puntu hori bozkatu zuten lehenbizi; ezezkoa eman zioten UPNk eta PPNk, eta abstenitu egin ziren PSN eta Ezkerra.
Mozioa osorik bozkatu zuten ondoren. Eta bozketa horretan Ezkerrak baiezkoa eman zuen. Aralar-Na Bai, Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren aldeko hamasei botoak, ordea, ez ziren nahikoak izan mozioa aurrera ateratzeko.
Mozio berean, eremu mistoko liburuzainentzat euskalduntze plan bat diseinatzeko eskatzen zen. Nafarroako Gobernuak liburutegien sareko udalekin eginak dauzkan hitzarmenetan hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak ezartzeko ere eskatzen zen.
Parlamentuak emandako ezezkoarekin kexu azaldu da Uema, «euskara sustatzeko neurri zehatzak hartzeko aukera paregabea galdu duelako». Uemaren arabera, azterketek frogatzen dute ez dela euskarazko zerbitzurik bermatzen osasun etxeetan eta liburutegietan. Udalerrien mankomunitateak ihardetsi du Nafarroak hizkuntza politika berria behar duela, «euskara Nafarroako hizkuntza dela onartu eta bertako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuko duena».