Bildu Nafarroak eta Aralar-Nafarroa Bai talde parlamentariek mozio bat aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan 2013ko maiatzaren 9an, euskara zerbitzuek eta euskara teknikariek euskararen normalizazioaren arloan eginiko lana aitortzeko eta eskertzeko, eta Nafarroako Gobernuaren eta toki-entitateen artean euskararen normalizaziorako lankidetza bultza dadin eskatzeko
Mozioak lau puntu zeuzkan, eta horietako hiru gehiengoz onartu zituen Parlamentuak, UPN eta PPren aurkako botoekin eta gainerako guztien aldekoarekin. Laugarrena, berriz, ez zen onartu, PSN abstenitu egin zelako. Mozioaren lau puntuek honela zioten, hitzez hitz:
1. Nafarroako Parlamentuak errekonozitzen eta eskertzen du Euskara Zerbitzuek eta euskara teknikariek euskararen normalizazioaren eremuan burutzen duten lana.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafar Gobernua premiatzen du, 1998ko hitzarmena bertan behera geratuta ere, Nafar Gobernuaren eta tokiko entitateen artean euskararen normalizazioaren eremuan lankidetza bermatuko duen formula juridikoren bat bideratzera.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafar Gobernua premiatzen du tokiko entitateei euskararen normalizaziorako ematen dien baliabideen eta Euskara Zerbitzuen zein euskara teknikarien egonkortasuna bermatuko duen diru-esleipen nahikoa eskaintzera.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafar Gobernua premiatzen du, Euskara Zerbitzua edo eta euskara teknikaria duten tokiko entitateek egiten duten ahalegina aintzat hartuz eta lehenetsiz, berauentzako finantziazio-lerro berezitua ahalbidetzera.