Helduen euskalduntzea sustatzeko ‘Euskera ahora’ kanpaina antolatu du 33 toki entitaterekin eta arloko hainbat eragilerekin batera: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialekin, eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&by euskaltegiekin. 5.000 pertsona helduk baino gehiagok euskara ikasten dute ekimen bateratu honi esker.

kanpainaren aurkezleak honako hauek izan dira: Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregiren lekukoa hartu berri duena; Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea, kanpainan parte hartzen duten toki entitateen ordezkari; eta Beatriz Buldain AEKren Nafarroako koordinatzailea, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari. Aurkezpenean, hizlariekin batera, Kepa Yécora Zubiarte euskaltegi publikoaren ordezkariak, Santi Leoné Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendariordeak, eta Joxerra Olano IKAko irakasleak ere parte hartu dute.

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek “Euskera ahora” kanpaina aurkeztu dute gaur, Nafarroako herritarrak -gazteak batik bat- euskara ikastera animatzeko; euskara ikastea aukera erakargarria baita, bizipen berriak eman eta aukerak zabalduko dituena.