Berria. Ereiaro
Mikel Peruarena Ansa
Nafarroako euskaltegi publikoetan ere, murrizketak
Langile publikoei euskara ikasteko laguntzak eta ordaindutako baimenak gutxitzen ari da Nafarroako Gobernua. Ordezkapenak egiteko diru funtsak murrizten ari denez, euskara ikasteko baimenak hartzeko aukerak urritu dizkie langileei; salatu dute euskara ikasteko baimen eskaerak ukatzen ari dela gobernua. Euskarabidea arduratzen da langile publikoak euskaratzeko ikastaroez, eta ikasleen kopurua «nabarmen» jaitsi dela ziurtatu dute hango langileek. Baina Nafarroako Gobernuaren beste euskaltegi publikoan ere, Zubiarten, nabaritu dituzte murrizketak. «Matrikulazioak eten gabe egin du gora» Zubiarten, langileen esanetan, 2002an sortu zenetik. Lau langile kaleratu nahi dituzte, ordea.
Euskarabideko eta Zubiarte euskaltegiko langileek, sindikatuetako ordezkariekin, agerraldia egin zuten atzo Iruñean, murrizketa horiez ohartarazteko. Zubiarte euskaltegiko langileek eman zuten datua: hamar urtean matrikulek gora egin badute ere, langile kopurua %27 murriztu dute azken hiru urteetan. Herritarrei zerbitzua ematen die euskaltegi horrek, baina Hezkuntza Departamentuko euskara ikastaroez ere arduratzen da. Eta Zubiarte euskaltegitik Euskarabidera bideratzen ari dira ikasle batzuk. Euskarabideak administrazioko ikasle gutxiago jasotzen dituenez, ratioak betetzen ditu era horretan. Baina, ondorioz, Zubiarten behin-behineko postua duten lau langile kaleratzeko arriskuan daudela salatu dute langileek.
Euskarabideko langileek, berriz, zehaztu dute «murrizketa basatiak» jasan dituztela. Euskara irakasten lan egiten duten teknikarien kopurua %50 murriztu da Euskarabidea sortu zenetik, atzo emandako datuen arabera. Lanean ari direnek, berriz, «gehiegizko lan baldintzak» dituztela salatu dute. Ratioetan, bestalde, gobernuak «aldaketa arbitrarioak» egin dituela eta ikasleak onartzeko prozedurak ere aldatu dituela azaldu dute irakasleek. Ohartarazi dute horrek irakaskuntzaren kalitatean eragina duela.
Mozketen ondorioz, Nafarroako administrazioa euskalduntzeko planek okerrera egin dute, langileen esanetan. Horregatik, administrazio publikoko langileen zein herritarren beharrak asetzeko eskatu diote gobernuari. Euskarabideari ere eskakizuna egin diote: «Estatutuek agintzen dizkioten funtzioak» betetzeko eta «behar adina giza baliabide eta baliabide ekonomiko» jartzeko horretarako