Abian da Errigora ekimenaren “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpaina, Nafarroako hegoaldeko ekonomia eta euskalgintza bultzatzeko eta indartzeko egindako urratsa. Iaz egin zen lehendabiziko aldiz, erabat arrakastatsua izan zen, eta aurten ere martxan da. Hango produktuekin osatutako saskiak Leitzan, Areson eta Goizuetan ere eros daitezke.
Errigora ekimena AEK, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta Zazpiak Bat Harreman Sareak eratu zuten, eta honela azaldu zuten hastapen haietan antolatzaileek: “Euskal Herria oinarri eta elkarlana tresna dituen ekimen herritarra da. Nafar hegoaldea dugu ardatz: batetik, nafar hegoaldeko laborantza indartu asmo dugu, horretarako eremu horretakoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaldu. Elikadura subirautzak herri bezala indartzen gaitu. Bestetik, nafar hegoaldeko “zona no vascofona”ko euskalgintzari ekarpentxoa egin asmoz, bultzada ekonomikoa egitea lehentasuntzat dugu, Euskal Herri euskalduna baitugu helburu.”
Iazkoak, esan bezala, erantzun bikaina jaso zuen eta aurten ere abian da, ahal bada iazkoa bera gainditzeko asmoz. Ekimenaren funtzionamendua erraza da. Nafarroako Erriberako hainbat produkturekin saski batzuk osatu dira, eta saski horiek herrietan eska daitezke (Leitzan Torrea eta Peritza ostatuetan, Areson Sastinean eta Goizuetan Amaia Kafetegian eta eskolan). Saskia 50 eurotan saltzen da (produktuak merkatuko prezio berean), eta erosi nahi duenak aipatutako toki horietan bertan eman behar du izena, urriaren 27tik azaroaren 12rako epean. Epea bukatu ondoren, azaroaren 17tik abenduaren 7rako epean antolatzaileek izena eman dutenei saskia emanen diete eta kobratu eginen da.
Saskian dauden produktuak honakoak dira: bi olio botila (bat ekologikoa), bi piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, mahats-zukua (ekologikoa), orburuak, bi zainzuri lata, tomate saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa), pikillozko marmelada (ekologikoa) eta ardi beltz botila (ekologikoa). Guztiak ere kalitate onekoak.
Produktuak aukeratzeko garaian, bestalde, zenbait irizpide kontuan izan da, hala nola nekazaritza ekologikoa bultzatzea, tamaina txikiko enpresak izatea, eta lan-baldintza duinak errespetatzea.
Saskia erosteko ordaindutako diruaren % 25a Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari emanen zaio: Erriberako ikastolei, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektuari, eta Erriberako AEKri.
Kanpaina honen inguruko argibide eta xehetasun batzuk helbide honetan ikus daitezke: