Abian da Errigora ekimenaren “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpaina, Nafarroako hegoaldeko ekonomia eta euskalgintza bultzatzeko eta indartzeko egindako urratsa. Hango produktuekin osatutako saskiak Leitzan, Goizuetan, Araitzen, Lekunberrin, Jauntsaratsen, Aizarotzen eta Larraintzarren ere eros daitezke.

Errigora ekimena AEK, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta Zazpiak Bat Harreman Sareak eratu dute, eta honela azaltzen dute antolatzaileek: “Euskal Herria oinarri eta elkarlana tresna dituen ekimen herritarra da. Nafar hegoaldea dugu ardatz: batetik, nafar hegoaldeko laborantza indartu asmo dugu, horretarako eremu horretakoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaldu. Elikadura subirautzak herri bezala indartzen gaitu. Bestetik, nafar hegoaldeko “zona no vascofona”ko euskalgintzari ekarpentxoa egin asmoz, bultzada ekonomikoa egitea lehentasuntzat dugu, Euskal Herri euskalduna baitugu helburu.”

Ekimenaren funtzionamendua erraza da. Nafarroako Erriberako hainbat produkturekin saski batzuk osatu dira, eta saski horiek herrietan eska daitezke (Leitzan Torrea eta Peritza ostatuetan, Goizuetan Amaia kafetegian, Araitzen ( Araxes eskolan, Beteluko ostatuan eta Arribeko Mikel Deuna Jatetxean), Lekunberrin AEKren euskaltegian, Jauntsaratsen Apeztegiberrian, Aizarotzen Herrikoetxean eta Larraintzarren Larraintzarko Bentan). Saskia 50 eurotan saltzen da (merkatuko prezio berean), eta erosi nahi duenak aipatutako toki horietan bertan eman behar du izena, urriaren 28tik azaroaren 14rako epean. Epea bukatu ondoren antolatzaileek izena eman dutenei saskia emanen diote eta kobratu eginen da.

Saskian dauden produktuak honakoak dira: bi olio botila (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, bi zainzuri lata, pikillo-tomate saltsa (ekologikoa) eta barazki krema (ekologikoa). Guztiak ere kalitate onekoak.

Saskia erosteko ordaindutako diruaren % 25a Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari emanen zaio: egoera larrian dagoen Lodosako ikastolari, “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenari, eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzeko lanari.

Produktuak aukeratzeko garaian, bestalde, zenbait irizpide kontuan izan da, hala nola nekazaritza ekologikoa bultzatzea, tamaina txikiko enpresak izatea, eta lan-baldintza duinak errespetatzea.

Salmenta guneak:

  • Leitzan, Torrea eta Peritza ostatuetan
  • Goizuetan, Amaia kafetegian
  • Arriben, Mikel Deuna Taberna- jatetxean
  • Betelun, herriko ostatuan eta Araxes Ikastetxean
  • Lekunberrin, AEKren euskaltegian
  • Jauntsaeratsen, Apeztegiberria dendan
  • Aizarotzen, Herrikoetxeko tabernan
  • Larraintzarren, Larraintzarko Bentan

 

Kanpaina honen inguruko argibide eta xehetasun gehiago helbide honetan ikus daitezke:

Errigora