Gure eskualdean euskara ohiko hizkuntza da, zalantzarik gabe. Eguneroko bizitzan, ordea, erdarak ere baditu sarbide indartsuak, eta, are gehiago, zenbait esparrutan nagusitasun handia dauka. Arlo sozioekonomikoa da horietako bat: enpresak, saltokiak… Herriko establezimendu guztiek (denda, ostatu, tailer, zerbitzu, enpresa) udaleko euskara zerbitzuaren laguntza dute haien euskarazko testuak zuzentzeko, gaztelaniazkoak euskaratzeko, edota euskararen inguruko aholkularitza jasotzeko. Horretaz gain, Bai Euskarari Ziurtagiria ere abian jarri zen duela urte batzuk zenbait herritan, eta euskararen erabilera indartu duten hainbat konpromiso hartu dira.