Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Malerrekako Mankomunitateak eta Baztango Udalak, euskara zerbitzuen bitartez, dei egin diete herritarrei euskaltegian izena eman dezaten. Dei hori zenbait bideotan grabatu dute, eta sarean daude ikusgai.

Goian aipatu diren Euskara Zerbitzuek lan egiten duten eremuan euskara bizirik dago, euskarak komunikazio hizkuntza izaten jarraitzen du. Herritarren kopuru handi batek erabiltzen du bere eguneroko jardun askotan.

 

Eskualde hauetan, haur eta gaztetxo gehienek dakite euskaraz, D ereduan ikasten duten haurren ehunekoa gero eta altuagoa da. Beraz, esan daiteke euskara berreskuratze prozesuan dagoela.

 

Baina eskualde hauetan dagoen gabeziarik handiena helduen adin tartean dago, izan ere, adin tarte honetan izaten dira euskaraz ez dakitenen ehunekorik altuenak. Heldu askok ez zuten euskaraz ikasteko aukerarik izan, ondorioz, euskara etxean jaso zutenek, euskaraz irakurri eta idazteko zailtasun asko dituzte eta etxean jaso ez zutenetako askok ez dakite.

 

Horiek horrela, kanpaina hau antolatu duten Euskara Zerbitzuok uste dugu helduen adin tartean eragitea estrategikoa dela euskararen normalizazioa lortzeko. Hori dela-eta, antolatzaileek helduak animatu nahi dituzte euskaltegian izena ematera. Bertan,  euskaraz ez dakitenek ikasteko aukera izanen dute, eta dakitenek etxean jaso duten euskara hobetzeko aukera izanen dute eta euskaraz idazten eta irakurtzen ikasiko dute.

 

Gure eskualdeetan lanean ari diren euskaltegiek urteetako esperientzia eta eskarmentua dute, euskara irakasteko metodo errazak erabiltzen dituzte eta, aurrez aurreko klaseak eskaintzeaz gain, Internet bitartez egiten diren ikastaroak ere eskaintzen dituzte.

 

Euskaltegian izena emateak ekartzen duen gastua arintzeko Euskara Zerbitzuek diru-laguntzak eskaintzen dituzte:

  • Bortzirietako Euskara Mankomunitatea: Ikasle, langabetu eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonentzako diru-laguntzak eskaintzen ditu. Informazio gehiago: 948 634 125
  • Malerrekako Mankomunitatea: Ikasle eta langabetuentzako diru-laguntza eskaintzen du. Informazio gehiago: 948 451 746
  • Baztango Udala: Euskara ikasleendako diru-laguntzak. Informazio gehiago: 948 580 006
  • Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea: Ikasle guztiendako bekak eta langabetuendako diru-laguntza bereziak. Informazio gehiago: 948 504400, 948 510814 edo 948 305134

 

Euskaltegiekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak honakoak dira:

 

Lesaka: 948 637 796

Doneztebe: 948 451 555

Leitza: 948 610 776

Elizondo: 948 452 471

Larraintzar: 948 604 704

Lekunberri: 948 604 704