Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, UEMArekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin batera, mediku nahiz pediatra euskalduna eskatzeko ekimena antolatu du. Gure eskualdean, zehazki, pediatra euskalduna izateko eskaera landuko da bereziki, eta horretarako gurasoen eskaera sinatuak bildu eta bideratuko dira.

Ekimen honen inguruko bideoa hemen: http://vimeo.com/89094287

Herritarrek izan badute familia-medikua eta pediatra euskalduna eskatzeko eskubidea, legeak berak aitortua. Eskubide hori gauza dadin,

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Kontseiluak, UEMAk, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, Euskal Herrian Euskarazek, Topaguneak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kanpaina bat abiatu dute Euskal Herriko zenbait herri eta eskualdetan, gure eskualdean bestetan beste.

Kanpainak, gurean, oso eskaera zehatza egiten du: eskualdeko osasun etxean pediatra euskalduna nahi dugu. Hori da, hain zuzen ere, orain eta hemen eskatzen dena. Gaur egun familia-medikuak euskaldunak dira eskualdean, eta hutsunerik larriena pediatria zerbitzuan dago.

Aspaldiko eskaera da hau bera, badirelako gutxienez 20 urte eskualdeko ordezkariek Nafarroako Gobernuarekin gai honen inguruko lehendabiziko bilera egin zutela. Ibilbide luzea du aldarrikapen honek, beraz, baina oraindik ere egin beharra dago, hutsuneak bere horretan dirauelako.

Ekimenaren urrats nagusia, gaiaz eginen den zabalkundeaz gainera, pediatraren zerbitzua erabiltzen dutenen, gurasoen alegia, eskaera sinatua izanen da. Erabiltzaileak izanen dira, beraz, Nafarroako Gobernuari eskaera zehatza eta formala eginen diotenak, kanpaina bultzatzen duten eragile guztien eta eskualdeko toki-entitateen babesarekin.

Herritarren eskaerak bildu ondoren, ekimena burutzeko, eskaera guztiei sarrera ofiziala emanen zaie eta Nafarroako Gobernuari aurkeztu zaizkio, dagozkion urratsak eman ditzan.