Euskararen erabilerak, oro har, muga handiak izaten ditu esparru sozio-ekonomikoan. Eta horregatik, hain zuzen ere, ezinbestekoa da euskara lan mundura ere hedatzea. Izan ere, lan munduan ematen dute heldu askok beren denboraren zati handi bat eta eragin handia dauka hizkuntzaren erabileran eta, oro har, hizkuntzaren osasunean.
Errealitate hori ikusita, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Nafarroako mendialdeko gainerako euskara zerbitzuekin batera (Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitatea), era guztietako enpresei proposatu nahi diete euskararen aldeko urratsak eman ditzatela. Eta bide horretan laguntzeko, hain zuzen ere, eskuliburu bat prestatu eta zabaldu du hainbat eragileren artean.
(irakurtzen jarraitzeko, klikatu albistearen izenburuan)
Eskuliburu horretan beren enpresan euskarari presentzia handiagoa eman nahi dioten horientzako argibideak eta aholkuak jasotzen dira, eta eragile horiei dei egiten zaie lan-eremua ere euskalduntzeko erronka horretan bidelagun izan daitezen.
Lan munduan eragitea ezinbestekoa da beste esparru batzuetan (hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan…) egindako lana finkatzeko eta, horretarako, eragile guztien esku-hartzea eta elkarlana behar da: administrazioa, sindikatuak, enpresariak eta euskalgintza.