Urtzi Urkizu

Iturria: www.berria.info

Euskararen erabilera planen helburuak zehazteko urtea izan zuten 2013a Uemako udalek. Behin diseinua eginda, pausoak ematen jarraitzen dute, administrazioan euskararen egoera hobetzeko.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalak oso ondo daude euskararen erabilerari dagokionez. Hala diote Uemak berak esku artean dituen datuek. Administrazioko arnasgune batzuk Uemako udaletan aurki daitezke. Uemako udalek, oro har, zerbitzua euskaraz bermatzen diete herritarrei. Baina badira tokian tokiko ñabardurak.

Iaz egindako diagnostikoaren bidez, Uemak sailkatu egin du udal bakoitza. Batzuk tontorrean daude: salbuespenak salbuespen, euskara hutsean funtzionatzen duten udalak. Beste batzuk gorabidean dira: nagusiki, euskaraz eta ele bietan funtzionatzen dute —euskarari lehentasuna emanda—. Magalean direnek nagusiki ele bietan modu orekatuan funtzionatzen dute, baina tartean badaude gaztelania hutsean funtzionatzen dutenak.

Arabako, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal bana hartu du adibidetzat BERRIAk, euskarak udal administrazioan izan duen bilakaera irudikatzeko:

ARAMAIO (Araba)

Teknikariek agiri guztiak euskaraz idaztea helburu

Ueman dagoen Arabako herri bakarra da Aramaio. Rosa Mondragon euskara teknikariak azaldu duenez, azkeneko hamabost urteetan egoera dezente aldatu da. «Urteotan euskaraz funtzionatzeko zailtasunak izan ditugu, tartean euskaraz ez zekiten teknikariak eta zinegotziak zeudelako». Horrek eragiten zuen hainbat arlotan gaztelaniaz funtzionatzea. Gaur egun, berriz, udalean euskara hutsean funtzionatzen dute: batzorde eta bilkurak euskaraz egiten dira, aktak bakarrik euskaraz idazten dira, eta errotulazioa euskaraz dago. Aramaioko erabilera planak euskara sustatzea du helburu, kasu honetan, udalean. Egoeraren berri izateko diagnostiko bat egin dute, eta hainbat alor aztertu: barneko funtzionamendua, herritarrekin harremana, erakundeekin harremana... «Ikusitako gabeziak edo hutsuneak identifikatu ondoren, ekintza plana egin dugu». Ekintzak aztertzeko batzorde bat osatuko dute, era berean. «Lortu beharko genuke teknikari guztiok edozein agiri edo txosten euskaraz sortzea, edozein agiri administratibo euskaraz idaztea eta kontratuetan hizkuntza irizpidea eskatzea, besteak beste».

Ueman egotea Aramaiorentzat ona dela uste du euskara teknikariak. «Gurea bezalako herri txikietan hainbat zerbitzu partekatzeko aukera ematen digu, eta elkarrekin hainbat kanpaina egiteko aukera ere bai». Prestakuntza aldetik udal teknikariekin zein politikariekin egindako saioak ere goraipatu ditu Mondragonek. «Aurrera begira, arnasguneen tailerrak antolatuko ditugu. Horietan, euskararen aldeko sentsibilizazioa landuko dugu herritarrekin eta herriko eragileekin». Euskara teknikariak, dena den, uste du oraindik hutsuneak daudela herrian: «Gazteek gaztelerara jotzeko duten joera, elkarte batzuek gazteleraz funtzionatzeko duten ohitura eta abar».

LEITZA (Nafarroa)

Arazoak, hirigintzan eta kanpo harremanetan

Ueman 1993. urtean sartu zen Leitza. Urte horretara iritsi aurretik, Leitzako Udalean ahozko harremana euskaraz izaten zen gehienetan, Dabid Anaut euskara teknikariak gogorarazi duenez. «Baina, ordura arte, idatzizko harremana batik bat gaztelaniaz zen. Hogei urteotan, oso aldaketa handia izan da». 1990ean sortu zen Leitzan euskara zerbitzua. «Orduan hasi ziren gauzak ordenatuago egiten. Baina Ueman sartzeak konpromiso bat ekarri zuen udalean, barnera begira». Euskararen aurrerakuntza «progresiboa» izan da Nafarroako ipar-mendebaldeko herrian. «Errazetik hasi zen, errotuluak eta halakoak aldatzen. Ondotik, barne eta kanpo harremanetan urratsak eginez joan dira. Hogei urte atzera begira jarriz gero, aldaketa nabarmena ikusten da, bereziki idatzizko harremanetan». Herritarren pertzepzioa asko aldatu dela iruditzen zaio Leitzako euskara teknikariari: «Udala euskaraz funtzionatzen duen egituratzat jotzen dute jada. Herritarra udaletxera datorrenean, gehienetan gauzak euskaraz idatzita ekartzen ditu. Udala eragile garrantzitsua da, traktorea, eta hori herritarrak nabaritu du».

Euskararen erabilera planak lau atal hartzen ditu: irudi korporatiboa, barne harremanak, kanpo harremanak eta baliabideak. «Denetan ikusten dira aurrerapausoak». Hutsuneak eta zailtasunak batik bat kanpo harremanetan daudela azaldu du euskara teknikariak, «beste eragile batzuk tartean sartzen direnean». «Nafarroako Gobernuko administrazioarekin, esate baterako, arazoak dauzkagu, hango funtzionamendua erdalduna delako. %100era iristen uzten ez diguna, neurri batean, kanpoko administrazioekin dugun harremana da».

Hirigintza gaietan ere arazoak sumatu ditu Anautek: «Arkitektoak eta beste eragile batzuk daude alor horretan, eta arlo hori arrotz gelditu zaio euskarari».

ONDARROA (Bizkaia)

Informatika aplikazio batzuk gaztelaniaz daude

1994an onartu zuten Ondarroan aurreneko euskararen erabilera plana. Maite Rey euskara teknikariaren arabera, plan horiek askotan identifikatu dira hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko prozesuarekin. «Ondarroan, prozesu hori oso laburra izan zen, hasierako abiapuntua ona zelako eta urte batean hizkuntza eskakizunak egiaztatuak zeudelako ia kasu guztietan, batik bat idatzizko produkzioa eskatzen duten lanpostuetan». Euskaraz lan egiteko konpromisoa planen aurretik hartua zuen udalak, Reyk azaldu duenez. «Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanik, garrantzitsua da udalak zer hizkuntza erabiltzen duen harremanetarako. Euskaraz bidaltzen ditugu komunikazioak, eta inork gaztelaniaz eskatzen baldin badu, horri ele biz igortzen zaio». Komunikazioen %80 baino gehiago euskara hutsean daude. Alde horretatik, euskararen bilakaera udal administrazioan «positiboa» izan da.

Zailtasunak, halaber, kanpo harremanekin sumatu ditu Reyk, tartean Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako harremanak. «Erakunde publiko batzuekin ez dago modurik espediente guztiak euskara hutsean bidaltzeko». Reyk nabarmendu du Gizarte Segurantza eta Espainiako Enplegu Institutua ere urteotan «harri gogorrak» izan direla ez dutelako elebitasunaren kontzeptua betetzen. «Ez dute kontzeptua ulertzen, edo ez dute ulertu nahi».

Barneko harremanetan, informatika aplikazio eta programa batzuk gaztelaniaz dituzte. «Ez litzateke zaila izango horiek aldatzea, baina kostatu egiten da». Bestalde, nabarmendu du batzuetan zaila dela gaien jarraipenean iraunkortasuna izatea. «Erraza da kontu batzuetan erlaxatzea: adibidez, gauza bat euskaraz egiteko erabakia hartzen da, baina presioa jaitsi, eta konturatzen zara handik urte batera aldatu egin dela».

ZESTOA (Gipuzkoa)

1999tik, udalak euskara hutsean funtzionatzen du

Zerbitzurako hizkuntza ez ezik, lanerako hizkuntza ere bada euskara Zestoako Udalean. «Euskara beti asko erabili izan da herrian», azaldu du Nora Palmitano euskara teknikariak. «Hobetu dena da gero eta zerbitzu gehiago egin ahal direla euskaraz». Udal administrazioan, euskararen erabilera 1990eko hamarkadan joan zen indartuz, lanpostu guztietan hizkuntza eskakizunak ezarri zirenean. 1999an, berriz, udal gobernuak erabaki zuen udalak euskara hutsean funtzionatu behar zuela. «Horrekin batera, euskara zerbitzua eta Euskara Aholku Batzordea sortu zituen, administraziorako euskararen erabilera plana eta herriari begirako euskara plana».

Palmitanok gogorarazi duenez, garai batean, herritarrek udaleko ordainagiriak gaztelaniaz jasotzen zituzten, eta, gaur egun, euskaraz jasotzen dituzte. «Lehen, udalera deitu, eta tarteka gaztelaniaz entzuten zen; gaur egun, ez da halakorik gertatzen. Ia tramite guztiak euskaraz egiteko aukera dago orain».

Ueman egoteak abantailak ekarri dizkio urteotan Zestoari. «Esate baterako, egoera bertsuan dauden beste udalekin lan egin ahal izan dugu. Zestoa erakunde publikoen plangintzen batez bestekoetatik muturrean dago; pasatu egiten gara handik. Oso eskualde euskalduna da gurea, eta irizpide propioak izan behar ditugu». Euskara teknikariaren arabera, udalean egin zitezkeen urrats handienak eginda daude, euskarari dagokionez. «Orain, poliki-poliki, bide horietan guztietan pausotxoak eman behar ditugu». Gogorarazi du heldutasunera iristen ari diren herritarrek ikasketak euskaraz egin dituztela. «Horrenbestez, herritar horien hizkuntza maila hobea da, eta gaitasunak ere bai». Beste abiapuntu bat da Zestoako berezko hizkuntza euskara dela. «Udalak horren isla izan nahi du. Herria euskaraz bizi bada, udala ere bai».

Imanol Haro. Uemako hizkuntz normalizatzailea

«Euskaraz behar dute izan udalen adierazpenek»

U.U. Donostia

Uemak udaletako erabilera planen bidez duen helburu nagusia da udalek euskaraz funtzionatzea. Imanol Harok azaldu duenez, herrietako erabilera planek 2013tik 2017ra arteko iraupena dute. «2013a helburuak eta ekintzak zehazteko garaia izan da. Planak diseinatuak ditugu, eta udaletako osoko bilkuretatik pasatu dira». Aurrera eramateko sasoia da orain.

2014rako Uemak finkatu dituen lehentasunen artean, kontratazioak daude. «Hau da, udalek azpikontratatzen dituzten enpresei klausulak jartzea eta hizkuntza baldintza batzuk ezartzea. Adibidez, udal batek kiroldegiko zerbitzua enpresa bati ematen dio; udalak zuzenean kudeatuko balu, langileak euskaldunak lirateke, eta ikastaroak, euskaraz; beraz, kiroldegia kudeatuko duen enpresari esan behar zaio hizkuntza baldintzak bete behar dituela. Gauza bera gerta daiteke bestelako lanekin eta zerbitzuekin».

Uemaren beste helburuetako bat da Hego Euskal Herrian dauden administrazioekin euskara hutsezko harremana bultzatzea. «Nafarroako Gobernuarekin oraintxe bertan ez dago bide handirik egiterik. Baina Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin euskara hutsezko zirkuitu bat sortu nahi dugu, legezko bide bat irekita baitute». Hainbat herritako euskara teknikariak kexu azaldu dira, kanpo harremanak euskaraz egiteko zailtasunak dituztelako. Harok nabarmendu du Gipuzkoako Diputazioa horretan hobetu dela, «nahiz eta udalekin harremana ez izan %100 euskaraz». Jaurlaritzak Uemako udalekin ele bietan funtzionatzen du, eta berdin funtzionatzen du euskara hutsean aritzeko eskaera egin dutenekin zein eskaera egin ez dutenekin.

Bestalde, Gernikako Udalak —ez dago Ueman— kanpaina bat egin zuen iaz euskararen inguruan. Enpresa eta eragile guztiekin harremana euskaraz egiteko eskatu zuen; eragile horien artean, Bizkaiko Foru Aldundia zegoen. Uemako ordezkariek asmoa dute Gernikako Udalarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin harremanetan jartzeko, bide hori zertan den ezagutzeko.

Uemak landu nahi duen beste alor bat da udaletako hautetsiek euskara hutsezko adierazpen publikoak egitea. «Koherentziaren barruan, iruditzen zaigu adierazpenek euskaraz izan behar dutela, salbuespenak salbuespen». Itsas denboralearen harira, Harok kritikatu du hainbat udaletako ordezkari ETBn gaztelaniaz hitz egiten azaltzea: «Eredugarritasunaren aldetik eta irudi euskalduna ematearen aldetik, ez du heldulekurik». Lea-Artibai eskualdeko udaletan aztertzen hasiak dira non hitz egingo duten euskara hutsean eta non erabil dezaketen gaztelania.

Gero eta garrantzi handiagoa hartuz doan alor bat, bestetik, aplikazio informatikoena da. «Askotan, aplikazioekin zailtasunak daude agiriak euskara hutsean ateratzeko. Ziurtagiriak euskara hutsean izateko aukera ematen diegu herritarrei, baina, zenbaitetan, aplikazio informatikoen traba dago».