Haurrentzako album ilustratuen Etxepare Saria Nafarroako hainbat toki-entitateek antolatu eta finantziatzen dute, eta tartean da Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea ere. 2004an sortu zen saria, 9 urteko ibilbidean zenbait ezaugarri aldatu dira, eta gaur egun euskarazko album ilustratuak saritzeko deialdia da.

Aurten Etxepare sarian inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira, 31 hain zuzen ere, eta Maite Mutuberriak (Eltzaburu -Nafarroa- 1985) eta Leire Bilbaok (Ondarroa -Bizkaia-, 1978) aurkeztutako Gerrak ez du izenik albuma izan da 2013ko irabazlea.

Sariaren berri emateko prentsaurrean epaimahaikideek azaldu zutenez, egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira atereaz: gosea, beldurra, tristura… Eta argazki errealez eta irudi marraztuez osaturiko planoez baliatu dira, hitzari arnasa eman eta kontrapuntu egiteko, bizi iraupenerako dei ozen bat osatuz, armoniaz beteriko album ilustratu honetan.