Urtero egiten duen bezala, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eskualdean ziurtagirien ebaluazioa eginen du. Elkarteko teknikari bat Leitzan, Goizuetan eta Areson ziurtagiria dutenekin elkartuko da, urteko ebaluazioa eginen dute, eta Elkarteak oniritzia eman eta ziurtagiriduna ados egonez gero, ziurtagiria berrituko dute

Ebaluazioa eginen duen teknikaria iazko bera izanen da, Ane Taberna goizuetarra hain zuzen. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak kontratatzen du teknikaria, eta horretarako eskualdeko Euskara Mankomunitatearen dirulaguntza dauka, kontratazioaren gastuaren zatirik handiena mankomunitateak berak hartzen baitu bere gain.

2004. urtean banatu ziren Bai Euskarari Ziurtagiriak lehendabiziko aldiz gure eskualdean eta, beraz, aurtengoa 10. aldia izanen da. Bide horretan euskara normalizatzeko egindako hainbat urrats txiki eta handi eman da.

44 enpresak, establezimenduk, erakundek, elkartek edo taldek eskuratu zuten iaz agiria, eta horiei guztiei eginen zaie ebaluazioa eta berritzeko proposamena. Ebaluazio lana maiatzaren bukaeran hasi eta ekainaren bukaeran burutuko da.