Joanes Illarregi leitzarrak saio dotorea egin du bere lehendabiziko finalean
Maialen Lujanbiok irabazi du, hirugarren aldiz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Ohi bezala saio dotorea eta osoa eginez, txapela etxera eraman du, eta bertsolari oso handia dela erakutsi du. Buruz burukoan Amets Arzallusekin batera aritu da eta ariketa ederrak osatu dituzte bien artean, binaka aurrena eta banaka ondoren, ganbarako ariketan.
Ondoren sailkatu dira, hurrenkera honetan, gainerakoak: Aitor Mendiluze hirugarren, Sustrai Colina laugarren, Alaia Martin bosgarren, Beñat Gaztelumendi seigarren, Nerea Ibarzabal zazpigarren eta Joanes Illarregi zortzigarren.
Saioa, oro har, ederra izan da, bertsolariak ase eta gustura utzi dituena. Leitzako eta eskualdeko bertsozale ugari elkartu da Iruñeko Navarra Arenan, eta ederki nabaritu da Joanes Illarregiren bertsoek izan duten harreran. Joanes Illarregik erakutsi du, aurreko saioetan egin zuen moduan, punta-puntako eta goi mailako bertsolaria dela. Gaztea da oso, eta nafarra, eta horrek esanahi berezia eman dio lehendabiziko aldiz Nafarroan jokatu den finalean egin duen saioari.
Bukatu da txapelketa eta ikusi da, besteak beste, bertsogintza sasoiko dagoela eta gazteak badatozela berriz ere, baita gure eskualde honetan ere.