Maiatzaren 5ean, osteguna, 18:30ean Lekunberriko kultur etxean literatur solasaldia eginen dugu Xabier Mendigurenekin. Maiatz kulturalen baitan bi libururen gainean aritzeko aukera izanen dugu, Motozerra eta Vikingoen sorterrira.
Aste Santua ate joka dugu eta liburuaren eguna segidan; garai eta aukera paregabea, beraz, bi liburuak irakurtzeko. Aitzakia ederra dugu idazlea gure artean izanen dugula, luxua benetan. Ez galdu aukera!
Motozerra gazteentzako edo euskara ikasten ari direnentzako liburu aproposa dugu, izu-liburu labur eta arina; Vikingoen sorterrira, aldiz, ipuin bilduma ederra dugu. Liburuen sinopsi laburra, azala, orrialde kopurua eta gutxi gorabeherako prezioa atxikirik dituzuen dokumentuetan. Bestalde, Vikingoen sorterrira liburuaren ale bat Mitxausenea liburutegian topa dezakezue jada, eta tokiko Euskara Zerbitzuak bi liburuen ale bana eskuratuko ditu datozen egunotan.
Motozerra, 58 orrialde, <>11€
Bikote bat autoan, gauez, errepide galdu batean. Autoa matxuratu egin da, eta laguntza bila irten behar dute. Ez dago bizi-arrastorik, ez bidean, ez inguruan. Ibiltzen hasi, eta etxe bat sumatzen dute urrunean: etxe zahar, porrokatu bat; bertara jo eta atea irekitzen diena, berriz, gizon zatar, baldar, begibakar bat…
Izu-giro hori sortzeko, guztiz aproposak izan dira Aitziber Kerretaren ilustrazioak, xaloak bezain adierazkorrak.
Vikingoen sorterrira, 300 orrialde, <>22€
Vikingoen sorterrira. Aita ezezagun eta urrundik miretsiaren bila doan neska; ebakuntza larri baten atarian, bere bizitzako amodio sekretua kontatzera doan emakume heldua; familia-giro itogarri batean bere arrebarekiko obsesiotik nola askatu ez dakien mutila; parking batean nahi gabe ume bat zapaldu ondoren, erruaren zamari aurre egin behar dion gizon gaztea ... Ipuin sorta ederra.
Besterik gabe, bertan elkar ikusiko dugulakoan,
ongi izan eta irakurraldi on!