Lesakan izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 18an. Bi urtetik behin egin ohi da udalerri euskaldunen ekarpena eta garrantzia nabarmentzeko topaketa

UEMAko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, eta aurtengoa ere horrela izatea nahi dute UEMAk eta Lesakako Udalak. Horretarako, eta eguna ahalik eta erakargarriena izan dadin, atzo egin zuten lehen bilera herriko taldeekin eta eragileekin, Lesakako udaletxean. Antolaketa lanei ekitea, horretarako talde eragilea sortzea eta eguna herrikoia izan dadin bitartekoak adostea izan zen atzoko bileraren helburua, eguna arrakastatsua izan dadin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzita.

Arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea, eta euskararen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango da maiatzaren 18ko asmo nagusia, festa eta aldarrikapena uztartuz.

Herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko zubia

Egun osorako egitarau zabala izango da, eta ohi bezala UEMAren batzar nagusia ere egingo dute egun horretan Lesakan. Horrez gain, bazkari herrikoia ere antolatuko dute egitarauaren barruan. Antolatzaileek hurrengo asteotan aletuko dituzte egitarauaren eta ekitaldien xehetasunak, baina argi dute herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko zubia izan behar duela egunak, UEMAren beraren izaera islatuz eta euskal herritar guztiak euskararen zubira gonbidatuz.

"Solasa izan" (Udalerri Euskaldunen Eguna 2024. Lesaka)