Abiatu da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta heldu den igandean, urriaren 1ean, Leitzan jokatuko da hirugarren final laurdena. Kiroldegian izanen da, arratsaldeko 17:00etan eta sarrerak salgai daude Astitz eta Maimur liburu-dendetan, 12€-an. Internetez ere eros daiteke sarrera. 16 urte artekoentzat gazte sarrera dago baina hori ez dago salmenta puntuan, internetez erosi behar da www.bertsosarrerak.eus helbidean.

 

Julio Soto, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre arituko dira kantuan Leitzako kiroldegian. Final laurden honetan lehenbiziko geratzen dena zuzenean pasako da finalaurrekoetara.

Eskualdetik 2 bertsolari arituko dira Txapelketa Nagusian: Julio Soto gorritiarra eta Ander Fuentes "Itturri", Leitzan bizi den zubietarra."Itturri"k lehenenbiziko aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian. Segurako kanporaketan kantatuko du, Leitzakoaren bezperan. Honako seikotea izanen da: Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi.

Irailaren 23an Baigorrin abiatu zen, 4 urtez behin jokatzen den, Bertsolari Txapelketa Nagusia. Alaia Martinek eskuratu zituen puntu gehien eta Irungo finalaurrekora sailkatu da.

14 saiok osatuko dute 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Baigorrin abiatu eta laugarrenez Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren jokatuko da finala.
43 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Horiekin batera, 18 lagunek osatzen dute gai jartzaile taldea eta 20 izango dira epaile lanetan arituko direnak.
 
Txapelketa telebistaz segitzeko aukera ere izanen da. Batetik, irailaren 24an hasiko da “Hitzetik Hortzera”-ren denboraldi berria, igandero bazkalostean ETB1en. Urriaren 30ean hasita, berriz, Txapelketa Nagusiaren inguruko telebista saio berria hasiko da ETB1en. Astelehenero 22:30ean emitituko da. Bestalde, urriaren 28an hasita finalaurreko guztiak zuzenean emitituko ditu ETB4k, Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik aurkeztuta
 
Txapelketa Nagusirari buruzko informazio osatuagoa http://www.bertsozale.eus atarian izanen duzue.