Maiatzean egin du Leitzako irakurle taldeak ikasturte honetako azkeneko saioa. Saio horretarako Bilbao – New York – Bilbao eleberria irakurri zuten taldeko kide guztiek, eta liburuaren egilea bera, Kirmen Uribe ondarroarra, etorri zen saiora. Idazlearekin  batera, horrenbestez, aritu ziren irakurle taldeko kide guztiak liburuaren inguruko  hainbat alderdiz eta jakingarriz hizketan.

Leitzako irakurle taldea 2013ko abenduan abiatu zen, udaleko euskara zerbitzuak eta herriko liburutegiak bultzatuta. Izena emateko deialdi zabal bat egin ondoren 15 bat lagunek osatutako taldea eratu zen, eta hilero elkartzea adostu zen taldean.

Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen euskarazko loteetatik liburu batzuk aukeratu ditu taldeak, hilabete bakoitzeko liburu bana, eta liburu hori irakurtzea eta ondoren denon artean horretaz hizketan aritzea izan da taldearen jarduera. Saioen dinamizazioa taldeko kideek berek egin dute,  horretarako kanpotik inor ekarri gabe, eta guztira sei saio egin dituzte.

Saioak aurrera  joan ahala taldea, jende kopuruari dagokionez, ia-ia hasi bezala mantendu egin da, eta azkeneko saiora 12 lagun etorri ziren. Heldu den ikasturtean jarraitzeko asmoa dute taldeko kideek, eta dagoeneko hitzartua dute Eider Rodriguez idazlearekin haren liburu baten inguruko saioa egitea,  idazlea bertan dela.