Leitzaketa 2000. urtean euskara zerbitzuak eta kultur taldeak argitaratutako mahai-joko baten izena da. 1000 galderaz osatutako jokoa zen, eta tribial baten antzeko arauak zeuzkan. Herriaren ezagutza zabaltzea eta indartzea zuen helburu, baita ongi pasatzea eta entretenitzea ere, noski.

Helburu horiei eutsita, koronabirusak ekarri digun egoera honetarako Leitzaketa berri bat sortu dute euskara zerbitzuak eta Balikebale lehiaketa antolatzen duen lantaldeak. Oraingoan, kartoizko mahai-jokoa izan beharrean, telefono edo ordenagailu bidez jokatzeko aukera ematen duen lehiaketa antolatu dute. Honatx, labur-laburrean, lehiaketari buruzko argibide batzuk:

.- Lehiaketa astelehenetik ostiralera eginen da (biak barne). 10 galdera jarriko dira, gehienak Leitzari buruzkoak, eta batzuk Euskal Herriari buruzkoak.

.- Lehiaketa 20:15ean eginen da. Ordurako, parte-hartu nahi duenak aplikazioan sartuta egon beharko du, eta hori lotura batean klikatuz eginen du, oso modu errazean.

.- Parte-hartzaile guztiek batera eginen dute ariketa, adierazitako ordu horretan.

.- Galderei erantzuteko 2 minutuko tartea izanen da, eta tarte hori bukatu ondoren ariketa gelditu eginen da.

.- Asmatutako erantzunen arabera, eta erabilitako denboraren arabera, eguneko sailkapena sortuko da, eta webgune honetan argitaratuko da, 20:30ean.

Ariketa erraza eta arina da, eta zerbait ikasten lagunduko digu gainera. Beraz, anima zaitez eta parte hartu.

* Lotura honetan jokoaren prozedura eta parte hartzeko modua argi azalduta ikus dezakezu. Ohartuko zaren bezala, erraza eta arina da:

http://www.iparmank.eus/euskara/argitalpenak/leitzaketa-40-nola-parte-hartu