Duela 20 urte inguru Leitzaketa izeneko mahai-jokoa sortu zuten Leitzako euskara zerbitzuak eta kultur taldeak, eta arrakasta handiz zabaldu zen herriko etxeetan eta herritarren artean. Leitzari buruzko 1.000 galderarekin osatutako jokoa, entretenigarria eta, aldi berean, herria ezagutzeko baliabide ederra.

20 urte igaro ondoren, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateko euskara zerbitzuak eta Leitzako Udalak sustatuta, lantalde berezi bat osatu da eta mahai-joko haren bertsio berritua eta eguneratua egin da. Leitzaketa berrituaren aurkezpena 2021eko abenduaren 17an egin zen Balikebale lehiaketarekin batera, eta dagoeneko denon eskura dago, galdera berriekin eta eguneratuekin.

Duela 20 urteko Leitzaketa hura mahai-joko fisikoa zen, ohiko formatuan egina: taula, kuboa, fitxak, dadoa eta galdera-erantzunak fitxatan. Oraingoan, berriz, jokoa gaurko teknologia eta gailu berrietara egokituta etorri da. Galdera-erantzunak www.leitzaketa.eus webgunean kokatuta daude, eta horrek aukera emanen du galdera-erantzun horiek etengabe berritzeko, eguneratzeko edo zuzentzeko. Bertsio berritu honetan galdera kopurua 1.200etik gorakoa da, eta arian-arian handituz eta osatuz joanen da.

Joko berrituaren ezaugarriek, halaber, aukera emanen dute partida kolektiboak edo gai nahiz data zehatzen inguruko partidak sortzeko.

Leitzaketa berriarekin jokatzeko bi modu edo aukera ditugu:

.- Mahai-jokoa: ohiko joko-taula da, dagozkion kubo, fitxa eta dadoarekin. Galdera-erantzunak, ordea, fitxatan egon beharrean, www.leitzaketa.eus webgunean daude, esku-eskura, partida elkarrekin jokatzeko.

.- Gailu bidezko jokoa: jokatzeko beste aukera bat da, bakarka nahiz taldean. Telefonoaren, tabletaren edo ordenagailuaren bitartez jokatzen da, horretarako www.leitzaketa.eus webgunean sartuta.

.- Leitzaketan errazago aritzeko, bestalde, aldi oro www.leitzaketa.eus webgunera joan eta sartzen ari gabe, jokoaren ikonoa edo ikurra telefonoan edo gailuan jar daiteke. Hartara, edozein aplikaziorekin egiten den bezala Leitzaketako ikurra pantailan eskura eduki daiteke, jokoan erraz eta eroso sartzeko. www.leitzaketa.eus webgunean sartzean horretarako aukera emanen du.

Leitzaketa, beraz, edonoren eskura dago, erraz eta eroso ibiltzeko moduan. Bakarka edo lagunekin entretenitzen lagunduko duen jokoa da eta, bide batez, Leitza hobeki eta sakonago ezagutzen lagunduko digu.

Gailu elektroniko bidezko jokoa doanekoa da eta mahai-joko fisikoa 10 euroko prezioan eskura daiteke Leitzako udaletxean, euskara zerbitzuaren bulegoan edo herriko liburu-dendetan.