2013ko ekainean eta uztailean gure eskualdean Bai Euskarari Ziurtagiriaren ebaluazio lana egin da, eta honakoa da emaitza: eskualdeko 43 entitatek Bai Euskarari Ziurtagiria jasoko dute.  Iaz 44 izan ziren, beraz, aurten bat gutxiago izanen da.

Egindako ebaluazioaren emaitza zehatza honakoa izan da: Iazko 44 ziurtagiridunetatik 42k ziurtagiria jasotzen jarraituko dute. Horietako batek baja eman du, eta beste bat zerrendatik desagertu da eragile gisa desagertu egin delako. Bestalde, Leitzako ziurtagiridunen zerrendan eragile berri bat sartu da, eta horregatik gelditu da azkenean 43ko zerrenda.

Herriz herri aztertuta, Leitzan 28 dira ziurtagiridunak (2012ko kopuru bera), Goizuetan 10 (2012an baino bat gutxiago), eta Areson 5 (2012an bezala). 43 ziurtagiri horietatik 15 “Bidean” mailakoak dira, 20 “Zerbitzua euskaraz” mailan daude, eta 8 “Lana eta zerbitzua euskaraz” mailan.

Eskualdean, beraz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekimenak eutsi egiten dio bere helburuari, eta Ziurtagiria duten eragile horiek guztiek beste urte batez euskararekiko zenbait konpromiso hartu eta betetzeko ahalegina eginen dute, euskararen normalizazioaren bidean beste urrats bat eginez.