Ekitaldia Leitzako plazan egin zuten ostiral ilunabarrean, musikaz girotuta. Fanfarreak eta txalapartak eman zieten hasiera ekitaldiari, eta jende mordoska bildu zen haien doinuen ingurura.
Leitzako fanfarreak hartu zuen plaza, eta jende mordoska bildu zen haren bueltan. Giro ederrean eman zioten hasiera Euskaraldiko ekitaldiari, eta haren segidan txalapartak hartu zuen leku.
Behin Euskaraldiaren nondik norakoa, datak eta egitasmoaren helburua azpimarratuta, Areso eta Leitzako hamaikakoa aurkeztu zuten. Bertako zenbait eragile eta elkarteetako ordezkariek osatu zuten 11 laguneko taldea, hizki bana eskuan hartuta, EUSKARALDIA hitza osatu arte.
11 horiez gain, bazen 12. gonbidatu bat oholtzan, H hizkiarekin, Leitzak Hikaldian parte hartuko duela adierazteko.
Hona Leitza-Aresoko Euskaraldiko hamaikakoa:
Maider Amantegi: Leitzako Udaleko zinegotzia. Udalak apustu sendoa egiten du adiminstrazioa euskalduntzeko, langileak euskaraz aritzeko zein herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko.
Goretti Calderon: Amazabal institutuko zuzendaria, Hezkuntzaren izenean. Hezkuntza eskaintza osoa D eredukoa da Leitzan.
Martxel Intsausti: Kaxkabeltza Elkarteko merkatarien eta ostalarien izenean.
Jaione Olazabal: Aresoko ordezkaria, euskaltzalea. Herriko euskalgintzan eragile aktiboa, sustatzailea eta herriko zenbait egitasmo eta taldeetan parte hartzailea.
Mamen Uharte: Osasun Etxearen izenean. Osasungintzan euskaraz egin ahal izatea erronka bat izaten da, betiere, Nafarroako Osasunbidean. Zorionez, Leitzako osasun etxean euskaraz aritzeko aukera dute mediku, pediatra eta erizainekin. Eta herriko osasun etxean erreferente eta lider positiboa da Mamen, euskarari eusten diolako beti, eta euskaraz egitea eragiten duelako.
Iker Bengoetxea: Aurrera Elkarteko futbol taldearen ordezkari. Haur asko ari da Aurreran kirolean, eta kirola eta aisialdia euskaraz eskaintzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Sharik Lopez: komertzioko langilea, leitzarra eta euskalduna. Ekuadortik etorritako gurasoen alaba, Leitzan jaio, hazi eta bizi dena.
Joxe Mari Baraibar: Leitzako Jubilatuen Elkarteko ordezkaria.
Maider Lopez: gurasoa, euskarara gerturatzeko ahaleginean ari dena. Leitza bezalako herri euskaldunean belarriak zorrotz behar dituzte euskara ez dakitenek, eta ahalegin hori aitortu nahi izan diete Belarriprestei.
Junkal Otxotorena: EHMendi Erronkaren izenean. Mendi Erronkak, kirola, nazioa eta lurraldetasuna ditu oinarri, euskara ardatz hartuta du.
Christian Perez: Leitzako harategi bateko langilea, kanpotik Leitzara bizitzera etorria eta euskara ez jakin arren, jarrera bikaina duena hizkuntzarekiko. Euskarazko hitzak ikasteko ahaleginaren ondorioz herritarrek erosketak euskaraz egin ditzakete berekin.
Gainera, aurten, Euskaraldiak apustu berezia egin du hitanoaren erabilera sustatzeko. Leitzaldean Pakita Zestau Leitzako Tardo baserriko etxekoandrea izanen da hikaldiaren ordezkari. Gazte-gaztetatik ikasi zuen hiketan aritzen, eta gaur egun oraindik hitanoari eusten dion emakumea da. Toka zein noka hitz egiteko gai da.